'Ez dago ura baino indartsuagorik' kanpaina jarri du martxan URA agentziak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 17a, 00:00

Uholdeek duten arriskuaz kontzientziatzea da kanpainaren helburu nagusia, eta zenbait aurpegi ezagunek parte hartu dute.

Asteazkenean aurkeztu zuen URA-Uraren Euskal Agentziak uholdeek duten arriskuei buruz ohartarazteko kanpaina: 'Ez dago ura baino indartsuagorik'. Hilaren 27ra arte luzatuko da kanpaina, eta helburua informazioa ematea eta sentsibilizatzea da. 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak azaldu zuen herritarrak sentsibilizatzea dela kanpainaren helburua, ur-goraldien errepikapen naturalaren eraginari egokitzeko eta arintzeko beharrari buruz: «Gero eta garrantzitsuagoa da urarekin bizikidetza positiboa lortzeko lan egitea, planifikatzean, prebenitzean, defentsa lanak egitean eta kontzientziatzean oinarrituta».

Datuei erreparatuz, Euskal Autonomia Erkidegoan urpean gera daitezkeen tarte nagusiak 458 kilometroko ibai-ibarrean daude. Urtean 1.975 biztanleri eragiten diete uholdeek, bataz beste; eta 90 milioi euro inguruko galerak eragiten dituzte. 

Horren aurrean, lau ardatz nagusi mahaigaineratu ditu URA agentziak, uholdeen kudeaketa hobetzeko: planifikazioa, prebentzioa, jardutea eta kontzientziazioa. 

Tapia sailburuak kanpainaren leloari erreferentzia eginez amaitu zuen hitzartzea: «Inor baino indartsuagoak garelako uraren kontra, baina ez gara bera baino indartsuagoak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!