Añorgako Duatloian saria, Hoki Guerrerok

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 14a, 00:00

Hoki Guerrero, podiumean. Argazkia: Ion Zugasti

Zortzigarren izan zen hernaniarra, eta aurrenekoa Open kategorian, bere estreinako duatloiean.

Igandean jokatu zuten Añorgako Duatloia, denboraldiko aurrenekoa Gipuzkoan: 5 kilometro korrika, 20 kilometro bizikleta, eta beste 2,5 kilometro korrika, ibilbide gogor bezain teknikoan. Izan zen Urumea bailarakorik ere, partehartzaileen artean. 

Hoki Guerrero hernaniarrak, esaterako, bere estreinako duatloia izan zuen Añorgakoa, eta sariarekin bueltatu zen etxera: zortzigarren sailkatu zen emakumezkoetan, 25 partehartzaileren artean; eta aurrenekoa izan zen Open kategorian (federatu gabekoetan). 1:31:05 denboran osatu zituen hiru sektoreak.

Gizonezkoetan, berriz, bailarako lau aritu ziren, 101 partehartzaileren artean. Aitor Sanz hernaniarra 42garren sailkatu zen, 1:16:54 denborarekin; eta segidan iritsi zen Mikel Rosell herrikidea (1:17:30), 44garren. Berehala iritsi zen helmugara Imanol Egibar astigartarra ere, 48garren, 1:18:40 denborarekin. Eta baita Joanes Arregi hernaniarra ere, 55garren (1:19:31). Arregi, gainera, seigarren izan zen 23 urtez azpikoen artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!