Mikel Arroio bigarren eta Rosa Santos hirugarren, Lehendakari Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 14a, 00:00

Txapelaren lehian izan da Arroio bukaerara arte, baina Jokin Izagirre nagusitu da azkenean. Santosek, berriz, hirugarren postuari eutsi dio.

Igandean bukatu zen bolako Lehendakari Txapelketa, Donostiako Altza auzoan laugarren tiraldia jokatzearekin batera. Eta aurreneko postuetan bukatu dute Urumea bailarako hainbat bolarik. Gizonezkoetan, bigarren bukatu du Mikel Arroio hernaniarrak, 186 brilarekin. Bukaerara arte aritu da txapelaren lehian, baina Jokin Izagirre hobeto aritu zen azkeneko tiraldian, eta 191 brilarekin izan da txapeldun. Arroiok 45 brila bota zituen Altzan, eta Izagirrek 48. Ibon Miner ereñotzuarrak, berriz, laugarren bukatu du, 182 brilarekin; eta zazpigarren izan da Joxe Mari Etxebeste astigartarra, 177 brilarekin.

Emakumezkoetan, berriz, hirugarren postuari eutsi dio Rosa Santos astigartarrak, 139 brilarekin, Altzan kosta egin zitzaion arren: 17 brila bota zituen. Aurretik izan ditu Naiara Peñagarikano (172 brila) eta Beatriz Unzue (163 brila). Bederatzigarren bukatu du Martxeli Kanflanka ereñotzuarrak, 88 brilarekin.

 

Leandro Miner hirugarren, tokan

Toka tiraldia ere izan zen Altzan, eta onenen pare aritu zen Leandro Miner ereñotzuarra. 14 aldiz jo zuen txapa Minerrek, eta hirugarren bukatu zuen, Jose Antonio Calvo bigarrenarekin berdinduta. Antonio Amundarain nagusitu zen, 15ekin.

Gipuzkoako Txapelketan ere, aurreneko postuetan dago ereñotzuarra, lau tiraldi jokatu ondoren. Laugarrena da sailkapenean, 40 tantorekin; eta aurretik dauzka Amundarain (59), Iñaki Maiz (43) eta Felix Maiz (41).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!