Asteburu oparoa, bailarako esku pelotarientzat: Barandiaran, Labaka, Manterola eta Oses, txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 14a, 00:00

Xabier Barandiaran eta Iñigo Labaka, nagusien mailako txapelekin.

Trinketeko Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute Xabier Barandiaranek, Iñigo Labakak eta Unax Manterolak; eta lau t'erdian jokatutako bi finaletatik batean jantzi du txapela Ekhi Osesek, ezker eskua minduta zuela jokatu arren.

Urteko asteburu onenetako bat bizitu berri du Urumea bailarako esku pelotak, ziur. Oso oparoa izan da, lau txapel jantzi baitituzte, banaka jokatutako sei finaletan: trinketeko Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute Xabier Barandiaran astigartarrak, eta Iñigo Labaka eta Unax Manterola hernaniarrek; eta lau t'erdian jokatutako bi finaletatik, Lizarrakoan nagusitu zen Ekhi Oses hernaniarra.

Txapelketa osoan erakutsitako maila berretsi zuen Barandiaranek, nagusien lehenengo mailan; eta 40-29 menderatu zuen Epleko Taberna, ligaxkan egin bezala. Horrela, probintziako txapel gorena jantzi du astigartarrak. Nagusien bigarren mailan, berriz, 40-26 irabazi zuen Labakak, Alde Zaharrako Sorondoren kontra. Bezperan Udaberriko Txapelketan jokatutako partidu gogorrari, ondo eman zion buelta hernaniarrak, eta bere beterania baliatu zuen txapela janzteko

Txapela jantzita borobildu du torneo bikaina Manterolak ere, jubeniletan. Jokatutako bost partiduak irabazita iritsi zen finalera, eta joko erakustaldi ederra eman zuen, bere abilezia guztiak agerian utziz. Horrela, erraz menderatu zuen Intzako Urdanpilleta (35-12). Kadeteetan izan da asteburuko porrot bakarra, trinketean: Aimar Zabala astigartarrak 18-30 galdu zuen finala, Behar Zanako Iparragirreren kontra.

Ekhi Osesek Zizurren ezin, baina Lizarran txapela

Trinketetik kanpo, Ekhi Oses hernaniarra izan da asteburuko protagonista nagusia, maila afizionatuan. Lau t'erdiko bi final jokatu ditu esku pelotari infantilak, eta bietatik bat irabaztea lortu du. Larunbatean, Zizurko Txapelketan, kategoriako pelotari onenetako bat zuen aurrean, Etxaniz azkoitiarra; eta ezker eskua minduta zuela jokatu zuen hernaniarrak. Hori horrela, 9-16 galdu zuen Osesek.

Igandean, berriz, Lizarrako Txapelketaren finala jokatu zuen hernaniarrak, Behar Zanako Otaegiren kontra. Ezker eskuaren egoera ikusita, eta kontrarioa atzelaria izanik, aurreko koadroetara eraman nahi izan zuen jokoa Osesek, eta baita asmatu ere. Horrela, 18-10 nagusitu zen, eta bigarren urtez segidan irabazi zuen txapelketa.

 

Iker Salaberriak ezin, Promozioko Txapelketaren semifinaletako ligaxkan

Profesionaletan, ordea, pozetik gutxi izan du asteburuak. Semifinaletako ligaxkaren aurreneko partidua jokatu zuen Iker Salaberria goizuetarrak, ostiralean, Promozioko Binakako Txapelketan; eta 14-22 galdu zuen, Oier Etxebarriarekin batera, Zabalaren eta Gaskueren kontra. Nagusi izan ziren hasieran, eta 9-3 izan ziren aurretik; baina hortik aurrera, sekulako mailan aritu zen Zabala, eta ohi baino gehiago kosta zitzaion Etxebarriari. 14-15ekora arte eutsi zioten goizuetarrak eta igorretarrak.

Defentsan lan bikaina egin zuen Salaberriak, eta errematerako aukera izan zuenean ere asmatu zuen tantoak bukatzen. Baina jokoan sartzeko aukera gutxi izan zuen partiduaren erdialdetik aurrera, ezinean aritu baitzen Etxebarria, eta jokoa atzean kargatu baitzuten Zabalak eta Gaskuek. Ligaxkako beste bi partiduak irabazi beharko dituzte orain, finalera sailkatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!