Berdinketa eta porrota Hernaniko talde nagusientzat, asteburu grisean

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 14a, 00:00

Hernaniko mutilak ezin izan ziren berdinketatik pasa.

Mutilek 1-1 berdindu zuten Zarautzen aurka, Zubipen; eta neskek 1-5 galdu zuten Realaren kontra.

Asteburu grisa izan da berdeentzat. Hernaniko bi talde nagusiek ez dituzte esperotako emaitzak eskuratu, eta datozen jardunaldietan estutu beharko dute. 

Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailan, berdinketa eskuratu zuen Hernanik. Munduateren mutilak ez dira nahi bezain ondo kudeatzen ari goiko postuetan mantentzeko lehiaren presioa, eta bi punturi ihes egiten utzi zieten Zubipen. Lehenengo zatia hutsean amaitu zen, eta partiduak oso paretsu jarraitu zuen bukatu arte; azkenean, Hernani 1 Zarautz 1. Sei jardunaldi daramatza Hernanik irabazi gabe, hirugarren postura jaitsi da, eta Arrasate azken sailkatuaren aurka jokatuko dute asteburu honetan. 

Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak agur esan zion bolada onari. Realak bisitatu zuen Hernani, liderra eta bigarren sailkatua neurtu ziren, eta argi ikusi zen txuri-urdiñak koska bat gainetik daudela. Lehia estua izan zen lehenengo zatian, eta berdinduta joan ziren aldageletara (1-1); Enirek egin zuen hernaniarren gola. Bigarren zatian, aldiz, asko aldatu ziren kontuak; donostiarrek asko bizitu zuten erritmoa eta partidua 1-5 emaitzarekin amaitu zen. Asteburu honetan beste aurkari zuzen baten kontra jokatuko du Hernanik, Zumaiako laugarren sailkatuaren aurka. 

 

Berdinketa lortu zuen Mundarrok

Axularren kontrako partiduan 1-1 berdindu zuen Mundarrok. Partidu lehiatua izango zela aurreikusten zuten, eta parekotasuna hautsi ezinik ibili ziren bi taldeak. Atsedenalditik bueltan aurreratu ziren astigartarrak, Mendibururen golari esker, eta azken minutuetan sartu zuen gola Axularrek. Etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan moreek, Lasarten, Ostadarren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!