Mendekotasunerako prestazio ekonomikoen onuradunen baldintzak hobetuko ditu Aldundiak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 12a, 00:00

Hobekuntzak 9.000 pertsonari eragingo diela aurreikusi du Gipuzkoako Foru Aldundiak; batez ere etxeko zaintzaile profesional bat kontratatzen dutenei. Neurri sorta etxeko zaintza-estrategian txertatuko dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hobekuntzak sartu ditu mendekotasunerako prestazio ekonomikoen baldintzetan. Neurri sorta bat da, Aldundiak duen etxeko zaintza-estrategian txetatuko dena, eta etxeko zaintzaile profesional bat kontratatzen dutenen baldintzak hobetuko dira gehien. Urratsak ematen jarraitzearen garrantzia nabarmendu zuen Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak: «Adineko 10 pertsonatik 8k beren etxean bizitzen jarraitu nahi dute, eta, ondo zainduta egon daitezen, funtsezkoa da zaintzak profesionalizatzea eta ildo horretan urratsak ematen jarraitzea».

Bi neurri aurkeztu zituen Peñak, eta aurreikuspena da 9.000 pertsonen etxeetara iristea, 4,5 milioi euroko eragin ekonomikoarekin. Lehenik, gehieneko zenbatekoak igoko zaizkie Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren onuradunei; 2. graduko mendekotasuna duten pertsonek jasotzen duten gehienezko zenbatekoa 70 euro igoko da, 3. graduko mendekotasuna dutenena 42 euro eta 1. graduko mendekotasuna dutenena 16 euro.

Bigarrenik, mendekotasun-prestazioen egungo araudia aldatzeko lehenengo urratsak eman dira. Hala, estimatu dute maiatzean sartuko dela indarrean Foru Dekretu berria. Hori egin orduko beste hiru neurri aktibatuko dira, 2.238.727 euroko eragin ekonomikoarekin. Besteak beste, hilean 200 euroko osagarri ekonomiko bat sortuko da laguntza jasotzen duten eta zaintzailea kontratatzeko gastu haundia egiten duten mendeko pertsonentzat.

Gaur egun, egoitzetan sartzeko batez besteko adina 84,42 urtekoa da Gipuzkoan, eta horietatik %86 mendekotasun handiko pertsonak dira. Aldi berean, beren etxean bizi diren mendeko pertsona kopurua esponentzialki haunditu da; horregatik, etxeko zainketa estrategia bat garatzen ari da Aldundia, «laguntza holistiko, pertsonalizatu eta berritzaileetan» oinarritua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!