Mobilizazioak antolatu dituzte hezkuntza euskaldun baten alde

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 11a, 00:00

Martxoaren 23an izango dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan Gazte Euskaltzaleen Sareak eta Unibertsitateetako taldeek antolatuta.

Hezkuntza euskaldun baten eskubidearekin bat egiten duten eragile eta hezkuntza komunitateko norbanako guztiei martxoaren 23an Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu die Gazte Euskaltzaleen Sareak eta unibertsitateetako euskera taldeek hezkuntza euskaldun baten alde.

Ikama Euskal Herriko ikasle antolakundeak adierazi duenez, «ikasketak aurrera eramateko garaian trabaz beteriko bide batekin egiten dugu topo Euskal Herriko ikasleok. Gazte bezala bigarren mailako herritarrak bagara, hori bikoiztu egiten da gazte eta ikasle izanda. Ikasketak euskeraz egitea oztopoz beteriko zoru baten gainean ibiltzea da, ez soilik bidea oztopatzen diguten harriz beterik dagoelako, eskubide urraketa etengabeak pairatzen ditugulako ere bai. Aspalditik salatzen gabiltzan egoera honek, hezkuntza eremua aktibatu eta elkarlanean antolatzera garamatza». 

Diotenez, «euskeraz ikasten dugula esaten den arren, hezkuntza prozesu hori ezin dugu sekula %100ean euskeraz gauzatu: irakasle euskaldunen falta, euskerazko zerbitzu eza, euskeratu gabeko material didaktikoaren etengabeko erabilera, euskerazko ikasketen eskaintza eza... urtez urte pairatzen ditugun eskubide urraketak dira. Gainera, agerikoa da hezkuntza eredu honek ez duela euskeraren jakintza eta erabileraren arteko ispilu gisa funtzionatzen. Hezkuntza eredu honek ez du gure belaunaldia euskalduntzeko gaitasunik. Egoerarekin kezkatuta gaude, eta azken Gaztealdian adierazi bezala, ez gaude gure heziketa prozesuan ezinbestekoa den arlo honetan besoak gurutzatuta gelditzeko prest. Euskal Herrian euskerak bigarren mailako hizkuntza trataera jasan ezin duen modu berdinean, Euskal Herrian euskaldunok ezin dugu bigarren mailako biztanle izan».

Horrexegatik, martxoaren 23an hezkuntza euskalduna aldarrikatzera aterako dira. Hezkuntza euskaldun bat bermatu dadin hurrengo aldarrikapenak egin dituzte: «Hezkuntza prozesua %100an bermatuko duen irakasle eta langile euskaldunen kontratazioa. Erabiltzen diren eduki guztiak euskeratuta egotea. Hezkuntza eremua euskaldundu bat, paisaia linguistiko euskaldun osoa ahalbidetuko duena: eremu fisikoan, zerbitzu zein langileei dagokienez eta eremu digital eta didaktikoan. Ez da bakarrik euskeraz egotea, baizik eta Euskal Herrira egokitutako hezkuntza eredua eskaintzea. Euskal errealitateari egokitutako hezkuntza prozesu bat behar dugu ikasleok».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!