Makina bat final, eskuz zein palaz, trinketean eta ezker horman

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 11a, 00:00

EH Irekiko finalak jokatuko dituzte palistek. Esku pelotariek, berriz, Gipuzkoako trinketekoak, eta Zizurko eta Lizarrako lau t'erdiko txapelketenak.

Oso potentea izango da asteburua, Urumea bailarako pelotarientzat. Makina bat final jokatuko dituzte, eskuz zein palaz, trinketean eta ezker horman.

Palaz, Euskal Herriko Irekia txapelketaren finalak jokatuko dituzte gaur, 16:00etan hasita Mallabian. Eliteko finalean ariko da Amaia Irazustabarrena hernaniarra, Maider Mendizabalekin batera, Murilloren eta Galdosen kontra. Eta bigarren mailakoa jokatuko dute Enara Macicior eta Ane Kerejeta hernaniarrek, Etxarri Aranazko Gure Pilota taldearen kontra. Jaialdia zuzenean eskainiko dute eitb.eus webgunean.

 

Bailarako lu esku pelotari, trinketeko finaletan

Eskuzko lehiari dagokionez, trinketeko Gipuzkoako Txapelketaren finalak jokatuko dituzte bailarako lau esku pelotarik, buruz buru. Irurako Ametsa trinketean izango dira, gaur. Goizeko 11:00etan hasita, kadete mailako finala jokatuko du Aimar Zabala astigartarrak, Behar Zanako Iparragirreren kontra. Eta segidan, jubenilen finalean ariko da Unax Manterola hernaniarra, Intzako Urdanpilletaren kontra. Arratsaldean izango dira nagusien finalak, 18:00etan hasita. Aurrena, bigarren mailakoa jokatuko du Iñigo Labaka hernaniarrak, Alde Zaharrako Sorondoren kontra. Eta ondoren, lehenengo mailakoa jokatuko du Xabier Barandiaran astigartarrak, Epleko Tabernaren kontra.

Kadeteetan zein jubeniletan, partidu parekatuak espero dira. Zabalak 30-24 menderatu zuen Iparragirre, ligaxkan; eta Manterola eta Urdanpilleta, berriz, jokatutako bost partiduak irabazita iritsi dira finalera. Nagusietan, berriz, Labakak erraz menderatu zuen Sorondo ligaxkan (40-16), baina beste partidu garrantzitsu bat jokatu zuen atzo, eta horrek eragina izan dezake. Barandiaranek ere, nagusitasunez menderatu zuen Taberna ligaxkan (40-24), eta garaipena errepikatzea espero du.

 

Ekhi Osesek bi final Nafarroan, lau t'erdian

Ekhi Oses hernaniarra izango da asteburuko protagonista nagusietako bat, bi final jokatuko baititu, infantil mailan: Zizurko Lau t'erdiko Txapelketaren finala gaur, 09:30etan, Etxaniz azkoitiarraren kontra; eta Lizarrako Lau t'erdiko Txapelketarena bihar, 10:00etan, Behar Zanako Otaegiren kontra.

Maila horretako esku pelotari onenetako bi dira Oses eta Etxaniz, eta partidu orekatua espero da Zizurren. Elkarren kontra jokatu zuten Gipuzkoako Txapelketaren finala, eta azkoitiarra nagusitu zen orduan. Errebantxa bilatuko du hernaniarrak, oraingoan. Lizarrako finalean, berriz, elkarrekin binaka hainbat txapelketa jokatu eta irabazitako bi pelotari ariko dira aurrez aurre, bihar. Berez Oses litzateke faborito, baina gaurko partiduak pisu haundia izango du biharko finalean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!