Mendi lasterketen hilabetea izango da maiatza, beste urte batez, Urumea bailaran. Izan ere, hilabete horren azkeneko hamabostaldian egingo dituzte bertako bi mendi lasterketak: maiatzaren 20an izango da Goizutrail, eta maiatzaren 27an Ereñotzuko Mendi Lasterketa; biak ere, larunbatarekin.
Ohiko ibilbidea izango dute biek. Ereñotzuko Mendi Lasterketan, 12,25 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute partehartzaileek, Urdaburuko inguruetan barrena, 835 metroko desnibel positiboarekin. Goizutrailen, berriz, bi distantzia izango dira: 10,6 kilometrokoa, Eneko Elorri aldera, 615 metroko desnibel positiboarekin; eta 25 kilometrokoa, 1600 metroko desnibelarekin, Eneko Elorrira ez ezik Mandoegira ere igota. Gainera, erreleboka egiteko aukera ere badago: aurreneko partaideak 10 kilometro, eta bigarrenak 15 kilometro.
Izenemateak, zabalik
Bi lasterketetan izena emateko aukera izango dute herritarrek, dagoeneko. Goizutrailen apuntatzeko epea zabalik dago, Herrikrosa plataforman (herrikrosa.eus): proba laburrean 15 euro, luzean 20 euro, eta erreleboka egiteko 30 euro. Goizuetarrek 5 euroko deskontua izango dute, proba guztietan.
Ereñotzuko Mendi Lasterketarako, berriz, astelehenean zabalduko dute izenematea, eguerdiko 12:00etan, RockTheSport plataforman (rockthesport.com). 16 euro izango dira.
Ereñotzun, gainera, haurrentzako lasterketa ere egingo dute, urtero bezala. 09:30etan izango da hori, lasterketa nagusia hasi baino ordu erdi lehenago. Auzoan barrena osatuko dute ibilbidea haurrek, eta doakoa izango da partehartzea.
Lujanbio eta Amonarriz bost onenen artean, Aiako Mendi Lasterketan
Joan den asteburuan, bestalde, Aiako Mendi Lasterketan eta UZ Trailen aritu ziren bailarako hainbat korrikalari. Aian izan ziren horietatik lau, eta maila ederrean aritu ziren, 14 kilometroko proban. Laugarren sailkatu zen Hodei Lujanbio goizuetarra (1:09:53), eta bosgarren izan zen Ander Amonarriz hernaniarra (1:10:34). Berehala helmugaratu zen Unai Santamaria hernaniarra ere, 10garren (1:13:10); eta 66garren izan zen David Trallero astigartarra (1:26:31).
UZ Trailen, berriz, hiru distantzia izan ziren, eta Euskadiko Txapelketak jokoan. 23 kilometrokoan (txapelketa absolutua), 18garren izan zen Jon Ander Olazabal hernaniarra (2:16:55), 90garren Oskar Gaskon aranoarra (2:47:45), eta 176garren Alain Gartzia hernaniarra (3:27:32). 12 kilometrokoan (23 urtez azpikoen txapelketa ere jokoan), 18garren izan zen Xabat Flores hernaniarra (1:09:47). Eta 6 kilometrokoan (16, 18 eta 20 urtez azpikoen txapelketak), zortzigarren sailkatu zen Oier Arruti hernaniarra: bigarren postua lortu zuen, 18 urtez azpikoetan.