Noiz izaten duzue salmenta gehien?
Negu partean, azaroa eta abendu bitartean izaten ditugu eskaera eta salmenta gehien; eta udaberrian, maiatza eta ekaina bitartean. Eta dudarik gabe, Gabonak izaten dira herritarrek gure dendan erosketa gehien egiten ditun garaia.
Egunerokotasunean, zer egiten duzue dendan?
Bezeroei arreta eskaintzen diegu, eskaerak egiten ditugu, eta une honetan prestatzen ari gara hurrengo udazkeneko eta neguko kanpainak.
Bezeroak nongoak dira, eta zein adinetako bezeroak izaten dituzue?
Gehienak Hernanikoak dira, hala ere, inguruko herrietako jendea ere etortzen zaigu, hala nola, Astigarragakoak, Goizuetakoak, Urnietakoak, Andoaingoak, Aranokoak eta Oiartzungoak. Inguru guztietatik etortzen zaigu jendea, izan ere, aukera asko eskaintzen dituen denda daukagu; modako oinetakoak, kirol oinetakoak, trekkingekoak, umeentzako aukera zabala, eta helduentzako ere bai. Linea guztiak ukitzen dituzte gure oinetakoek.
Jendeak gustuko al ditu zuen produktuak?
Bai, urte asko daramazkigu, nik 38 urte daramazkit dendan eta Itsasok ere urte mordoa. Horrek nolabaiteko lasaitasuna edo segurtasuna ematen dio jendeari, badakitelako zer nolako produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ditugun. Kalitatezko produktuekin egiten dugu lan, oso ezagunak direnak. Beraz, esan dezakegu mugimendua badela gure dendan.
Zein esango zenukete dela zuen lanaren alderik onena?
Herritarrekin daukagun harremana, dudarik gabe. Urteetan, bezeroak bilakatu dira gure lagunak, ezagunak... Asko konprometitu dira gure dendarekin, eta benetan oso gustura gaude gure bezeroekin. Oso eskertuta gaude. Gustura gelditzen dira bezeroak gure dendan erosita, eta gustura badaude, beti itzuliko dira.
Eta txarrena?
Dauzkagun lehiakideak, gaur egun, internetek mina egin dio komertzio txikiari.
Une honetan, zein genero eskaintzen duzue?
Nahiko saltsa daukagu egia esan, oraindik neguko produktuak ditugu, eta udaberrikoa jasotzen ari gara. Une hau izaten da nahasiena, dendan denetik aurkitu daitekeelako; dauzkagu neguko azken produktuak, eta udaberriko berriak.
Orduan, udaberriko produktuekin zabiltzate orain buru-belarri, ezta?
Bai, baina oraindik ez gara udaberrian sartu, apur bat itxarongo dugu eskaparatean udaberriko produktuak jartzeko, eguraldiak ere lagundu egin behar baitu!
Mendiko irteerak eta lasterketak, puri-purian daude, honek eragingo du zuen salmentetan ezta?
Beti izaten du eragina honek, noski. Hala ere, lehen gehiago nabaritzen zen, Aste Santuan jendea etortzen zen mendiko botak erostera, aldiz gaur egun, jendea eguneratuago dago, behar duen material guztiarekin.