Kolore moreko aldarrikapen ugari izan dira Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 11a, 00:00
Astigarragako udaletxe parean bildu ziren Astigarragako zenbait emakume, aldarrikapen feministak eginez.

Emakumeen Nazioarteko Eguna izan zen asteazkenean, eta Urumea bailara osoa atera zen kalera, aldarrikapen fesministak egiteko asmotan. Eta bailarako zenbait tokitan, gaurko ere jarduerak antolatu dira, martxoaren 8aren bueltan.

Joan den igandean ospatu zen 33garren Lilatoia historikoa izan zen; guztira 5.014 emakumek hartu zuten parte, eta horietako 248 emakume ziren bailarakoak. Eta igandean Donostian osatutako olatu moreak, jarraipena izan zuen martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Urumea bailara osoa atera zen kalera zenbait aldarrikapen fesminista egitera, eta kaleak morez margotu zituzten. Manifestazioek sekulako pisua izan zuten asteazkenean, Aranon, Astigarragan, Ereñotzun, Hernanin eta Goizuetan. Mobilizazioez gain, ekintza zerrenda luze bat osatu zuten, hala nola, bazkariak, kontzertuak, pala partidua, bertsoak, kalejira eta emakumeen afaria.

 

Agenda morea, martxoko hilabete osorako

Astigartarrek, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hilabete osorako antolatu dituzte ekintzak, beraz, martxo osoari emango diote more kolorea.

Atzo, Elbira dokumentala ikusteko aukera izan zuten askok. Elbira Zipitriari buruzko dokumental honek helburu du, 'andereño' izandakoaren bizitza eta ibilbidea gogora ekartzea, besteak beste. 

Horrez gain, gaurko egun berezi bat antolatu dute Emakumeon Etxeak eta Astigarragako Gazte Asanbladak, goizetik hasita: 11:30etan, Musika, bizipenak eta generoa solasaldia eskainiko dute, Emakumeon Etxean; eta 14:00ak aldera, bazkari baten bueltan bilduko dira denak. Bazkaldu orduko, arratsaldeko 16:30ak inguruan, Jam session batekin kantuan eta dantzan jarriko dira bertaratutako guztiak: «nahi duenak musika instrumentua ekartzeko aukera du» azaldu du Emakumeon Etxeak. Eta ilunabarrean, berriz, amatasunari buruz hausnartzeko tartea izango dute, Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagak Amaraun emanaldia eskainiko baitute, Erriberan. Martxoko agenda moreari amaiera emateko, 26an, Ellas hablan filmaren proiekzioaz gozatzeko aukera eskainiko zaie herritarrei, Erriberan, arratsaldeko 19:00. Film honetako protagonista emkaume talde bat da, non Boliviaren erdian isolatutako kolonia erlijioso batean, beren fedearekin adiskidetzeko borrokan ari dira, koloniako gizonek egindako sexu-eraso batzuen ondoren. 2022ko Oscar sarietako film onenaren sarirako izendatua.  

Erlazionatuak

Martxoak 8, Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2023 mar 09 Urumea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!