Tokikomen 10. urteurreneko jardunaldiak, martxoaren 24an

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 10a, 00:00

Getxoko 'Olatu' eraikinean izango da jardunaldia.

76 toki komunikabide batzen ditu, tartean Kronika, eta urteurrena ospatzeko komunikabide taldeak gertuko kazetaritzaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Getxon.

2023an 10 urte bete dira euskerazko 76 toki komunikabide batzen dituen Tokikom taldea eratu zenetik (tartean Kronika), eta urteurrena ospatzeko komunikabide taldeak gertuko kazetaritzaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu. Jardunaldiak martxoaren 24an izango dira, Getxoko Olatua gurutzontzien terminalean. Jardunaldiotan lekua erreserbatzeko epea zabalik dago jadanik https://tokikom.eus/jardunaldiak/2023/izenematea webgunean, eta martxoaren 17an itxiko da.

Komunikabideak etorkizuna ehuntzen lelopean, Tokikomek berak antolatu ditu jardunaldiok, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EiTBren babesaz, eta Uribe Kostako Hiruka komunikabidearen laguntzaz.

 

Hausnarketa, aldarrikapena eta festa

Ekitaldia goizeko 09:00etan hasiko da, eta hiru zati izango ditu: hausnarketa, aldarrikapena eta festa. Hausnarketari dagokionez, hiru gai nagusi landuko dira jardunaldian: lehenengoa toki komunikabideen demokrazia sozialaren eraikuntzan duten garrantzia izango da. Horretan sakontzeko, Britainia Haundiko BBC telebista publikoaren Local Democracy Reporting eta Shared Data Unit esperientziak ezagutaraziko dira, korporazio publikoaren zein Erresuma Batuko toki komunikabideen ikuspegitik. Gainera, Norvegiako toki komunikabideen elkarteak bertako telebista publikoarekin duen lankidetza programaren berri ere emango du, eta Tokikomek EiTBrekin batera garatutako Saretzen egitasmoaren lehen fruituak aurkeztuko dira.

Gai teknikoagoetara jaitsita, kazetaritza eta aisialdia izango da beste mintzagaietako bat. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikusiker ikerketa taldeko kideek Euskal Herriko gazteen eduki eta informazio kontsumoen ohituren berri emango dute eta, gai horrekin lotuta, EiTB prestatzen ari den Primeran ikus-entzunezko plataforma publikoaren aurrerakin bat ere ikusi ahalko da Getxon.

Gai teknikoekin jarraituta, kazetaritza eta digitalizazioa ere hartuko dute hizpide. Alde batetik, UNAVeko adituen eskutik Reuters Institutuaren Digital News Report txostena aztertuko dute, eta zer dioen mundu osoko eta Espainiako eduki eta albiste kontsumo ohituren inguruan. Gainera, tokiko kazetaritzan aplikatu daitezkeen adimen artifizialeko tresnen aukerak eta erronkak ere xehetuko dituzte.

 

Toki komunikabideen elkarteen manifestua 

Atal akademikoa bukatuta, aldarrikapenerako tartea ere izango da jardunaldietan. Herrialde Katalanetako toki komunikabideen elkarteekin batera, toki komunikabideen elkarteen manifestu komuna sinatuko dute Getxon, toki komunikabideen garrantzia aldarrikatzeko. 2022ko azaroan «Kataluniako Premsa Comarcal elkarteak bere 40. urteurreneko ekitaldira gonbidatu gintuenetik, lankidetza dinamika etengabea izan da Katalunia, Valentzia, Mallorca eta Menorcako toki komunikabideen elkarteekin, eta aurrera begira lankidetza hori pausu zehatzetan zehazteko lehen urratsa izango da manifestua».

Eguna bukatzeko, jardunaldiak TOKIKOMen urteurrenaren inguruko ikuskizun batekin borobilduko dituzte eta, haren ostean, elkarrekin mokadu bat hartu eta ospatzeko aukerarik ere ez da faltako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!