Abesti, bertso eta dantzekin alaituko dituzte larunbatean Hernaniko eta Astigarragako kaleak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 9a, 00:00

Eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Kalez Kale Kantari-ko kideak.

Hernanin kantari ibiliko dira eguerdian, eta erromerian dantzan arratsaldean. Astigarragan, aldiz, 'Amarauna' ikusteko aukera izango da. 

Hileroko zitari eutsiz, larunbatean aterako dira, Hernaniko kaleak girotzeko asmotan, Kalez Kale Kantari egitasmoko kideak. Eguerdiko 12:00etan hasiko dira abesten, eta musikarien laguntzarekin kaxkoko kaleak doinuz beteko dituzte. 

Bazkalostean, aldiz, ohiko erromeriaz gozatzeko aukera izango da, Jaiki Hadi taldearen eskutik. Kokalekua ez dago zehaztuta oraindik, eta eguraldiaren menpe egongo da; euririk egin ezean Plaza Berrin izango da, eta eguraldi txarra egiten badu Atsegindegin. 

Bertsoak eta dantza, Astigarragan

Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak Amarauna ikuskizuna eskainiko dute, larunbat honetan, Erribera kulturgunean. Bi artistek musika, kantua eta dantza baliatuko dituzte amatasunari buruzko hausnarketak plazaratzeko: «Proiektu artistiko bezala berritzailea iruditzen zaigu bertsoa eta dantza elkarrizketan baliatzea, baina ez bakoitza bere aldetik, kontakizun baten elementu banaezin bezala baizik». Arratsaldeko 20:00etan hasiko da saioa, eta sarrerak 10 euro balio du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!