More kolorez beteko dira gaur Urumea bailarako herri guztiak, askotariko aldarrikapen ekitaldiekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 00:00

Egun osoan zehar izango dira ekitaldiak bailarako herrietan.

Manifestazioak izango dira Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusiak, baina beste zenbait ekintza ere antolatu dituzte bailarako herrietan. Kontzertuak, kalejirak, afariak eta kirol emanaldiak izango dira. 

Martxoak 8 ditu gaur, eta aldarrikapen feministek beteko dituzte Urumea bailarako kaleak. Askotariko ekintzak izango dira Emakumeen Nazioarteko Egunean, eta egun guztian zehar izango da mugimenduekin bat egiteko aukera. 

Erakundeei dagokienez, Emakumeak gora leloa hautatu du Emakundek, eta hiru datu mahaigaineratu nahi izan ditu: «Ez da kasualitatea emakumeek titulazio teknikoetako matrikulen %23 baino ez ordezkatzea, zaintzeko eszedentzien %73 emakumeek hartzea, eta emakumeek gerentzia-postuen %6 bakarrik betetzea». 

Astigarragako Udalak ere argitaratu du aho batez onartutako adierazpena, genero-desberdintasun estrukturalei konponbidea topatzeko beharra nabarmenduz: «Jendarte eredu desorekatu honi egoki erantzungo dioten irtenbide integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz». Hala, kontzentrazioa egingo dute gaur, eguerdiko 12:15etan, udaletxe aurrean. 

Ekintzak eta manifestazioak arratsaldean izango dira

Arratsaldearekin batera iritsiko dira eragile eta taldeek antolatutako ekintza gehienak. Astigarragan Emakumeon Etxea izango da ekintzen erdigunea; arratsaldeko 16:00etan jarri dute lehenengo hitzordua pankartak eta kartelak elkarlanean egiteko. Prestaketa lanak amaituta, arratsaldeko 18:00etan abiatuko da herriko manifestazioa Emakumeon plazatik, Denon bizitzak erdigunean lelopean. Eguna amaitzeko, Erriberatik Donostiarako autobusa hartuko dute, hiriburuko manifestazioarekin bat egiteko. 

Hernaniren kasuan, Kulturarteko Plaza Feministan ekingo diote egunari. Bazkari komunitarioa antolatu dute bertan, eta mahaiaren bueltan hitz egiteko eta hausnartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Janaria bakoitzak bere etxetik eraman beharko du. 

Musika emanaldiak ere izango dute tartea M8 honetan. 'Hernani' Musika Eskola Publikoko ikasleek 'Emakume musikagileen kontzertua' eskainiko dute, arratsaldeko 18:00etan, Biterin. Horrez gain, Goiz Eguzki abesbatzako emakumeek, Ixiar Zubimendiren zuzendaritzapean, zenbait berrikuntzekin osatutako kontzertua eskainiko dute 18:30etan, «kantuaren bidez emakumeari protagonismoa emateko helburuarekin». Aipatutako berrikuntzen artean dago 'Agur Jaunak eta Andreak' abestia, 'Agur Jaunak' kanta ezagunean berdintasuna eta laizismoa uztartzen dituen bertsioa. 

Azkenik, manifestazioak ere izango dira Hernanin. Irteten lehena Itaiak antolatutakoa izango da, arratsaldeko 18:30etan abiatuko dira Gudarien plazatik Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki! lelopean. Ordu erdi beranduago irtengo da Plaza Berritik Bilgune Feministak antolatutako manifestazioa, M8 Borroka Eguna lelopean. 

Ereñotzun kirola eta kultura bateratzeko hautua egin dute. Arratsaldeko 16:30etan hasiko dira pala partiduak frontoian, bertsolariek giroa alaitzen duten bitartean. Ekitaldia bukatzean Hernaniko Bilgune Feministaren manifestazioarekin bat egingo dute ereñotzuarrek, eta Irrintzi tabernan afalduko dute manifestaziotik bueltan.

Aldarrikapen alaiak izanen dira Goizuetan eta Aranon

Giro alaia gailenduko da gaur Goizuetako eta Aranoko aldarrikapenetan. Arratsaldean eginen dituzte ekitaldiak bi herrietan, eta afari baten bueltan itxiko dituzte egitarauak. Arratsaldeko 18:00etarako jarri dute hitzordua Goizuetan; kalejiran abiatuko dira plazatik, eta trikitilarien laguntzaz herriko kaleak girotuko dituzte. 20:15etan txokolate beroaz gozatzeko aukera izanen da, eta emakumeen afaria eginen dute ondoren. Aranoarrak, aldiz, kontzentrazio baten bueltan bilduko dira, 19:00etan, eta afari batekin agurtuko dute eguna.

 

MARTXOAK 8, gaur

ASTIGARRAGA

12:15 Elkarretaratzea udaletxe aurrean.

18:00 Manifestazioa Emakumeon etxetik hasita.

18:40 Donostiara joateko autobusa hartuko dute.

HERNANI

14:00 Bazkari komunitarioa Kulturarteko Plaza Feministan.

17:30 Goiz Eguzki abesbatzako emakumeen kontzertua, Ixiar Zubimendiren zuzendaritzapean. Goiz Eguzkin. 

18:00 'Emakume musikagileen kontzertua', Biterin.

18:30 Manifestazioa plazatik abiatuta Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki! lelopean. Itaiak antolatuta.

19:00 Manifestazioa Plaza Berritik abiatuta, M8 Borroka Eguna lelopean. Koordinadora feministak antolatuta. 

EREÑOTZU

16:30 Bertsoak eta pala partiduak.

18:30 Frontoian elkarretaratzea estaziora joateko.

20:30 Afaria Irrintzin.

GOIZUETA

18:00 Kalejira herritik barrena, plazatik abiatuta. Ondoren txokolatada plazan.

20:15 Emakumeen afaria herriko elkartean. Izen ematea Amaia kafetegian.

ARANO

19:00 Kontzentrazioa eta emakumeen afaria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!