Espainiako Txapelketa irabazi du Umore Onak bigarren mailan, eta lehenengoan ariko da 2024an

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 7a, 00:00

Umore Onako esku pelotariak, Igor Elizegi delegatuarekin, sariak jasota.

Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak irauli zuten Izarraren kontrako finala, Iker Egigurenek buruz burukoa galdu ondoren. Profesionaletan, Promozioko Binakako Txapelketatik kanpo geratu da Hodei Exposito, 'play-off'a galduta.

Urte asko zeramazkien Umore Onak, Espainiako Kluben Arteko Txapelketa jokatu gabe; eta koxka bajuenetik hasi du bere ibilbidea aurten. Baina erakutsi du ez dagoela txantxetarako: bigarren mailako txapeldun izan da, igandeko finalean Izarra menderatuta. Horrekin, igoera ere lortu dute goizuetarrek, eta lehenengo mailan ariko dira datorren urtean.

Larunbatean jokatu zuten semifinala, Agoizko Toki-Eder frontoian, Urbión taldearen kontra. Eta sendotasun haundiz lortu zuten finalera pasea: buruz buru, Iker Egigurenek 10-3 eta 10-8 menderatu zuen Hernando; eta binaka, Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak 10-7 eta 10-6 irabazi zuten, Ekain Lizeaga astigartarraren eta Molinaren kontra.

Eszenatoki berean jokatu zuten finala, hurrengo egunean; eta gogorragoa izan zen erronka, Izarraren kontra. Are gehiago, finala irauli behar izan zuten goizuetarrek. Izan ere, buruz buru galdu egin zuen Egigurenek, Egurenen kontra (9-10 eta 5-10); eta binakakoan garaipena lortu bakarrik ez, tanto alde haundiagoa behar zuten goizuetarrek. Halaxe egin zuten: 10-5 eta 10-7 nagusitu ziren Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea, Riolen eta Iriarteren kontra, tentsio haundiko partiduan.

 

Promozioko Txapelketatik kanpo, Hodei Exposito

Ez dira albiste onak izan asteburuan, aldiz, profesionaletan. Hodei Exposito astigartarrak galdu egin zuen play-offa, Promozioko Binakako Txapelketaren semifinaletara sailkatzeko. Iñigo Bikuñarekin batera, 18-22 galdu zuen Bakaikoaren eta Morgaetxeberriaren kontra, eta txapelketatik kanpo geratu da.

Datorren asteburuan hasiko da semifinaletako ligaxka, eta bertan ariko da Iker Salaberria goizuetarra, Oier Etxebarriarekin batera. Ostiralean jokatuko dute aurreneko partidua, gaueko 22:15etan Zumarragan, Zaba­laren eta Gaskueren kontra. Bakaikoa-Morgaetxeberria eta La­­rra­zabal-Eskiroz dira ligaxka­ko beste bi bikoteak. Hiru partidu jo­katuko ditu bikote bakoitzak, eta bi bikote onenak sailkatuko dira finalera.

Iñigo Labaka eta Aimar Zabala, finalista trinketean

Afizionatu mailara bueltatuta, beste hainbat partidu garrantzitsu jokatu dituzte bailarako esku pelotariek, asteburuan; ho­rietako bi, trinketeko Gipuzkoako Txapelketan, buruz buruko semifinaletan. Eta biak irabazi dituzte. Nagusien bigarren mai­lan, garaipen haundia lortu zu­en Iñigo Labaka hernaniarrak, Epleko Azpirozen kontra (40-35); eta datorren asteburuan jokatuko du finala, Alde Zaharrako Sorondoren kontra. Eta kadeteetan, 30-26 irabazi zuen Aimar Zabala astigartarrak, Behar Zanako Aranbururen kontra. Behar Zanako beste esku pelotari bat, Iparragirre, izango du kontrario finalean, datorren asteburuan.

Urumea bailarako beste bi esku pelotarik ere jokatuko dute Gipuzkoako Txapelketaren buruz buruko finala, datorren asteburuan: Xabier Barandiaran astigartarrak, nagusien lehenengo mailan, Epleko Tabernaren kontra; eta Unax Manterola her­naniarrak, jubeniletan, Intzako Urdanpilletaren kontra.

 

Lau t'erdikoan bi final aste honetan, Ekhi Osesek

Primerako asteburua izan da Ekhi Oses hernaniarrarentzat ere. Lau t'erdian ari da azkeneko asteotan, txapelketa pribatuetan; eta nolako mailan, gainera. Lizarrako Lau t'erdiko Txapelketaren semifinala jokatu zuen igandean, eta 18-4 menderatu zuen Aurrerako Baleztena. Hori horrela, finala jokatuko du datorren igandean, Behar Zanako Otaegiren kontra. Baina ez du final bakarra izango, Zizurko lau t'erdikoa ere jokatuko baitu hernaniarrak asteburu berean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!