Aurretiazko matrikulazio epea Nafarroan gaur irekiko da

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 6a, 00:00

2023-24ko ikasturterako irekiko da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2023-2024ko ikasturterako matrikulazio epea gaur irekiko du Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzan, Ni publikokoa naiz lelopean. HHko bigarren zikloan aurretiaz izena emateko epea ostiralera arte izanen da. 0-3 urte artekoentzat martxoaren 17ra arte dago epea. Nafarroako Gobernutik diote urrats bat gehiago egin dutela matrikulak doakoak izateko bidean, eta iragarri dute 27.900 eurotik beherako errentak dituzten familientzat doan izango dela.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko (3-6 urte) haurrei dagokionez, Hezkuntza Departamentuaren arabera, 2020an jaiotako 5.201 haurri eragingo die prozesuak eta horietako batzuk goizuetarrak eta aranoarrak dira. Ikasleko eskaera bakarra egin dezakete familiek, Hezkuntza Departamentuak horretarako prestatutako webgunean. Ratioak jaitsiko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!