39 udalerri eta 22 sortzaile, Geuretik Sortuak ekimenaren bigarren edizioan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 6a, 00:00

Beran egin zen 'Geuretik Sortuak' ekimenaren aurkezpena pasa den ostiralean.

Sormen egonaldiak burutuko dira 2023an zehar udalerri hauetako bakoitzean eta Hernanin Goitibera antzerki konpainiak garatuko du.

Geuretik Sortuak kultur ekimenak edizio berria du, eta Udalbiltzak sortzaileen izenak eta bakoitzari esleitu zaion udalerria edota udalerri multzoaren zerrenda eman zuen aditzera. Hernanin antzerkia garatuko du Goitibera konpainiak 2023an eta 2024ean egindako lana aurkeztuko du.

Berako kultur etxean egin zen prentsaurrekoan, beka jaso zuten hainbat sortzaile eta euskal kulturaren aldeko apustua egin duten udalerrietako hainbat ordezkari bildu ziren, ekimenean lagunduko duten beste hainbat eragilerekin batera.

Iazko urrian beka deialdia zabaldu zen unean iragarri bezala, aurten Udalbiltzak laugarren arte alor bat gehitzea erabaki du: literatura, zinegintza eta antzerkigintzako sortzaileez gain, komikigileak ere protagonista izango dira oraingoan. Beka deialdian 60 proposamen jaso ziren orotara. Koro Etxeberria Hernaniko Udaleko zinegotzia da proiektuko arduradun politikoa eta bertan adierazi bezala, «askotarikoak eta kalitate altukoak».

Lehen edizioan bezala, bigarren hau ere bi urtez luzatuko da. 2023an zehar sormen egonaldiak egingo dira 22 multzotan bildutako 39 udalerritan. Aurten ere bi, hiru, lau edota bost udalerritako multzoak egongo dira, euren kabuz parte hartzea erabaki duten udalerri horiez gain.

Bakoitzera, Udalbiltzak eta arte alor ezberdinetako adituek osatutako balioespen batzorde batek hautatutako sortzaileetatik bat joango da; jasotako proiektua garatu ahal izateko epaimahai honek egokien ikusi duen udalerri edota udalerri-multzora, hain zuzen. Udalerri horretan edo horietan hiru astera bitarteko egonaldiak egingo dituzte sortzaileek; eta bertatik ipuin luzeak, 15-20 orrialde bitarteko komiki lanak, 10-20 minutu arteko film laburrak eta antzezlanak aterako dira.

Ziklo berri honen bigarren urtean, 2024an, sortutako lan guztiekin kultur zirkuitu bat osatuko da. Ipuinak eta komikiak bilduma banatan argitaratuko dira; film laburrekin muntaia orokor ba egingo da, eta antzezlanak euren kabuz aurkeztuko dira herri horietan. Zirkuitu hau egonaldiak jaso dituzten udalerri guztietatik igaroko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!