Hitzarmena sinatu da Behe Kanalaren ordezko eroanbidea finantzatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 5a, 00:00

Beheko Kanalaren ibilbidea.

Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 3,45 milioi euro jarriko ditu, Añarbek jarri behar zituen 6 milioi euroetatik.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Añarbe Urakek hitzarmena sinatu dute Behe Kanala finantzatzeko. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok eta Añarbeko Uren presidente Jaione Hervásek sinatu zuten akordioa, Behe Kanalaren ordezko eroanbidearen obrak zati batean finantzatzeko. 

Jarduerak, oro har, 30 milioi euroko aurrekontu estimatua du (BEZik gabe), eta horietatik ACUAESek, Estatuak, %80 finantzatzen du (24 milioi euro Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez); Añarbek, berriz, gainerako %20a ordaindu behar du (6 milioi euro). 

Akordio berri honi esker, José Ignacio Asensioren departamentua sartu da Gipuzkoarentzat hain garrantzitsua den proiektu horren finantzaketa eskeman, 3,45 milioi euroko ekarpena eginez, hau da, Añarbeko Uren Mankomunitateari dagozkion 6 milioi euroen erdia baino gehiago. Mankomunitateak berak, azkenean, 2,55 milioi euroko ekarpena egingo du. 

 

Obrak ACUAESek esleitu ditu, eta 2023ko lehen seihilekoan hasiko dira

Obrak dagoeneko esleitu ditu ACUAESek otsailean. Alde batetik, Dragados, S.A. eta Construcciones Moyua, S.L. enpresek osatutako ABEEari esleitu zaizkio obrak gauzatzea eta proiektua abiaraztea, 22.870.649,98 euroko zenbatekoan (27.673.486,48 euro, BEZa barne); bestetik, Aquatec, Proyectos para el sector del agua, S.A.U. enpresari esleitu zaio zuzendaritza fakultatiboari laguntza teknikoa 769.182,70 euroan (930.711,07 euro, BEZa barne). Obrak egiteko epea 31 hilabetekoa da, eta lanak aurtengo lehen seihilekoan hastea aurreikusten da.

Obrak amaitu ondoren, Añarbeko ur hornidura egungo Behe Kanalaren hausturetatik eta etenaldietatik salbu egongo da, eta, aldi berean, kanalaren geldialdi programatuak egitea ahalbidetuko du, pixkanaka birgaitzen eta modernizatzen hasteko, azpiegiturak urteen poderioz dituen ezegonkortasun-arazoak eta emari-galerak konponduz eta bien bitartean azpiegitura berria erabiliz.

Behe Kanalaren ordezko eroanbidearen proiektua Estatuaren interes orokorrekotzat jo zen 2010ean, eta 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartu zen, legebiltzar
taldeek espainiar estatuko Kongresuan negoziatu ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!