MARTXOAK 8

Bailarako txoko guztiak beteko dituzte aldarrikapen feministek

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 4a, 00:00
Manifestazioak egingo dira Urumea bailarako herri guztietan.

Bailarako herri guztietan antolatu dituzte ekintzak martxoaren 8rako, eta emakumeen taldeetatik aldarrikapen feministetara batzeko eta kaleak morez koloreztatzeko deialdia egin dute. Astigarragan gaur hasiko dira ekintzak. 

Aurten ere aldarrikapen feministak izango dira martxoaren 8ko protagonista nagusiak. Bailarako herriak more kolorez jantziko dira gaurtik aurrera, eta ekintza ugari antolatu dituzte talde feministek. Manifestazioak izango dira herri guztietan: Emakumeen Etxetik abiatuko da Astigarragan, Plaza Berritik Hernanin, herriko plazatik Goizuetan eta kontzentrazioa egingo dute Aranon.

Bestelako ekintzei dagokienez, gaur hasiko dira motorrak berotzen Astigarragan. Arratsaldeko 18:00etan sukaldaritza erotiko maskulinoari buruzko tailerra egingo dute, Gaztelekuan. Horrez gain, astelehenean jarriko dute martxan emakume esanguratsuei buruzko galderen lehiaketa.

Hernanin egun osoko egitaraua antolatu dute martxoaren 8rako. Berezitasunen artean, Goiz Eguzki abesbatzako emakumeen kontzertua dago; haien helburua da «kantuaren bidez emakumeari protagonismoa ematea», eta zenbait berritasun oholtzaratuko dituzte.

Ereñotzun martxoaren 7an egingo dute lehenengo ekintza. Olak Auzo Elkarteak antolatuta, Munduko emakumeak ipuin kontaketa izango dute Ludotekan. Martxoaren 8an bertan, aldiz, arratsaldeko 16:30etan bertsoak eta pala partidua izango dira frontoian, Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta.

Goizuetan, berriz, arratsaldeko 18:00etan hasiko da martxoaren 8ko lehenengo ekintza. 'Zapalkuntzarik gabeko mundu baten alde, batu borrokara!' lelopean, kalejira eginen dute herrian zehar, trikitilariekin; txokolatada izanen da ondoren, eta emakumeen afariarekin bukatuko dute eguna. Aranon, emakumeen afaria eginen dute, kontzentrazioa bukatzean.

 

MARTXOAK 8

 

ASTIGARRAGA

GAUR

18:00 Sukaldaritza erotiko maskulinoari buruzko tailerra. Gaztelekuan.

MARTXOAK 6-10

Gaztelekuak antolatutako lehiaketa sare sozialetan, emakume esanguratsuei buruzko galderak erantzun beharko dira.

MARTXOAK 8

12:15 Elkarretaratzea udaletxe aurrean.

18:00 Manifestazioa Emakumeon etxetik hasita.

18:40 Donostiara joateko autobusa hartuko da.

 

HERNANI

MARTXOAK 8

14:00 Bazkari komunitarioa Kulturarteko Plaza Feministan. Bakoitzak etxetik eraman behar du jatekoa.

17:30 Goiz Eguzki abesbatzako emakumeen kontzertua, Ixiar Zubimendiren zuzendaritzapean. Goiz Eguzkin. 

19:00 Manifestazioa Plaza Berritik abiatuta, 'M8 Borroka Eguna' lelopean. Koordinadora feministak antolatuta. 

 

EREÑOTZU

MARTXOAK 7

19:30 Ipuin kontalaria 'Munduko emakumeak' 16 urtetik gorakoentzat. Olak Auzo Elkarteak antolatuta.

MARTXOAK 8

16:30 Bertsoak eta pala partidua.

18:30 Denok Hernaniko manifara. Frontoian elkarretaratzea.

20:30 Afaria Irrintzin.

 

GOIZUETA

MARTXOAK 8

18:00 Kalejira herritik barrena, plazatik abiatuta.

Ondoren txokolatada izanen da plazan.

20:15 Emakumeen afaria herriko elkartean. Izen-ematea Amaia kafetegian.

 

ARANO

MARTXOAK 8

19:00 Kontzentrazioa eta emakumeen afaria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!