Hiru puntu baino gehiago jokatuko ditu Hernanik Añorgaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 4a, 00:00

Lehenengo postua mantendu nahi du Hernanik.

Añorgaren aurka jokatuko dute berdeek, 18:30etatik aurrera. Lidergoa sendotzea da Hernaniren helburua. 

Denboraldi amaieran erabakigarria izan daitekeen partidua jokatuko du gaur Hernanik. Añorgari egingo diote bisita, eta lidergoa lortzeko borrokan zeresana emango du norgehiagokak. Eibarren aurka berdintzetik dator Hernani, eta Aretxabaletaren zelaian 0-6 galtzetik Añorga. Zelai txikia izanik, lehia estua espero da berdegunean, eta bigarren jokaldiek berebiziko garrantzia izango dute. 

Bien bitartean, estropezu baten zain izango dute Eibar. Beti Gazteren bisita jasoko dute armaginek, eta postu batzuk igotzeko aukera izan dezakete. Une honetan Hernani da liderra 42 punturekin, Añorga bigarren 41 punturekin, eta Eibar hirugarren 40 punturekin. Estuasuna ez da hor bukatzen, 39 puntu baitauzkate Oiartzunek eta Elgoibarrek. 

Bestelakoa da Hernaniko nesken bolada. Sei garaipen lortu dituzte errenkadan, eta zazpigarrenaren bila joango dira bihar, goizeko 10:00etan, Usabalera. Bigarren postuan jarraitzen dute berdeek, eta zorroztuta dauzkate letaginak, Errealak akats txiki bat egin orduko aprobetxatu ahal izateko. Mariño da ligako hirugarren sailkatua, Hernani baino 3 puntu gutxiagorekin. 

Arnasa hartzeko aukera izan dezake Mundarrok

Azpiko postuetatik urrundu na­hiean dabil Mundarro. Moreak sailkapeneko 11garren postuan daude, 23 punturekin. Aurreko jardunaldiko berdinketa are hobea bihurtzeko aukera paregabea izango dute bihar, arratsaldeko 17:45etan, Karla Lekuona zelaian; Oiartzun azken sailkatuaren aurka jokatuko baitute astigartarrek. Bihar hiru puntuak lortu ezkero, taularen erdialdera begira jarriko litzateke Mundarro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!