Espainiako Txapelketaren azken fasea jokatuko du Umore Onak asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 4a, 00:00

Antton Apezetxea, Beñat Apezetxea eta Iker Egiguren.

Semifinala izango du gaur goizean, Urbión taldearen kontra, Agoitzen. Irabaziz gero, finala bihar.

Hitzordu garrantzitsuak izango dituzte bailarako esku pelotariek, taldeka zein bakarka, asteburu honetan. Umore Onak dauka inportanteenetako bat, Agoitzen: Espainiako Txapelketaren azken fasea jokatuko du, bigarren mailan. 

Talde goizuetarrak semifinala jokatuko du gaur, 10:00etan, Soriako Urbión taldearen kontra. Iker Egigurenek jokatuko du buruz buruko partidua, eta Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak binakakoa. Irabaziz gero, bihar bertan jokatuko dute finala, Agoitzen. Izarrak eta Logroñok jokatuko dute beste semifinala. Partidu guztiak zuzenean emango dituzte, fepelota.es webgunean.


Hodei Exposito Iruñean gaur, Promoziokoaren 'play-off'ean

Oso partidu garrantzitsua dauka Hodei Exposito astigartarrak ere, profesionaletan. Promozioko Txapelketaren play-offa jokatuko du gaur, semifinaletako ligaxkara sailkatzeko. Iruñeko Labriten ariko da, 17:15etan hasita: Iñigo Bikuña lagun, Bakaikoa eta Morgaetxeberria izango ditu kontrario.

 

Semifinala trinketean, Iñigo Labakak eta Aimar Zabalak

Gipuzkoako Txapelketei dagokienez, trinketeko buruz burukoan jokatuko dute semifinal bana, bailarako bi esku pelotarik. Nagusien bigarren mailan, Iñigo Labaka hernaniarrak dauka hitzordu erabakigarria, gaur arratsaldeko 18:00etan, Iruran: Epleko Azpiroz izango du kontrario, partidu parekatuan; eta bikoitza da saria, finalerako pasea ez ezik, igoera ere lortuko baitu irabazleak. Kadeteetan, berriz, Aimar Zabala astigartarrak jokatuko du semifinala, gaur 10:30etan Iruran, Behar Zanako Aranbururen kontra.

Eta txapelketa pribatuei da­go­kienez, Lizarrako lau t'erdiko­aren semifinala jokatuko du Ekhi Oses hernaniarrak, bihar 16:30etan, Aurrerako Baleztena­ren kontra. Irabaziz gero, bi final jokatuko ditu datorren asteburuan. Izan ere, Zizurko lau t'erdikoaren finala jokatzeko sail­katu zen aurreko astean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!