Pirinioak zeharkatuz, Urumea bailarako pantailetara heldu da 'Irati. Izena duen guztia bada' filma

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 4a, 00:00

Enekok Iratiren laguntza izango du. Argazkia pelikularen eszena batekoa da.

Ondorengo egunetan egongo da 'Irati' pelikula ikusgai, bailaran: Biterin, gaur arratsaldeko 19:30etan eta gaueko 22:30etan; bihar arratsaldeko 19:30etan; eta etzi arratsaldeko 16:30etan. Erriberan, berriz, bihar arratsaldeko 19:00etan proiektatuko dute.

Paul Urkijoren azken pelikulak (Irati, izena duen guztia bada) sekulako harrera izan du publikoaren artean, eta Urumea bailarara heldu da. Izan ere, Astigarragako eta Hernaniko pantailetara ekarri dute, herritarrek asteburuan filmaz goza dezaten. Hernanin, ziurrenik, herritar askok atzo ikusiko zuten filma; baina oraindik ikusteko aukerarik izan ez dutenek eta Urkijoren pelikulan murgiltzeko irrikaz daudenek badute tartea egunotan. Biterin, gaur arratsaldeko 19:30etan eta 22:30etan; bihar arratsaldeko 19:30etan; eta etzi, arratsaldeko 16:30etan. Astelehenean ikuslearen eguna denez, sarrerak 3 euro balioko du, gainontzeko egunetan, aldiz, 4,5 euro. Astigartarren kasuan, bihar izango dute 'Irati' pelikula ikusteko parada, Erriberan. Arratsaldeko 19:00etan izango da filmaren proiekzioa eta sarrerak 5 euro balio du.

 

Odolezko ituna, 'Irati'n

VII. mendean kokatu du filma Paul Urkijok. Kristautasuna Europan zehar hedatzen doa, sinesmen paganoak desagertzen doazen heinean. Pirinioak zeharkatuz, Karlomagnoren armadak egindako erasoen aurrean, haraneko buruzagiak antzinako jainkosa bati laguntza eskatzen dio, odolezko itun baten bidez. Haraneko buruzagiak etsaiari bere bizitza ematen dio trukean, baina lehenago, bere semea den Enekori herria babestu eta gidatuko duela agintzera behartzen du. Urte batzuk geroago, Enekok agindu hori beteko du, misio batekin: Karlomagnoren altxorraren ondoan modu paganoan lurperatutako aitaren gorpua berreskuratzea. Enekok kristau fedea izan arren, Iratiren laguntza beharko du, hau paganoa izanik. Hala ere, bi gazteak baso arraro eta babesgabe batean sartuko dira, non «izena duen guztia dagoen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!