Binakako Txapelketa irabazi du 'Basozabal'ek

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 28a, 00:00

Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', Osiñagan jokatutako desafio batean.

Txapela lortu zuen Jokin Urretabizkaiak, Hodei Ezpeletarekin batera, Binakako Aizkolari Txapelketan, Urrestillan.

Haundia egin zuen Jokin Urretabizkaia Basozabal aizkolariak, Hodei Ezpeleta Bihurrirekin batera, igandean Urrestillan: Binakako Aizkolari Txapelketa irabazi zuten, azkeneko proban sailkapena iraulita. 27 segunduren aldeari eman zioten buelta.

Sei proba osatu behar izan zituzten lau bikoteek, finalean; denak ere, bizi-bizi egin beharrekoak, proba laburrak. Iker Vicente eta Jon Rekondo hasi ziren aurretik, eta aurreneko postuan izan ziren ia final osoan. Atzetik, bigarren posturako parekatuta ibili ziren Julen Alberdi eta Ioritz Gisasola, eta Ezpeleta eta Urretabizkaia. Halaxe iritsi ziren azkeneko probara: Vicente eta Rekondo aurreneko postuan (6:50), Alberdi eta Gisasola bigarren (7:14), eta Ezpeleta eta Urretabizkaia hirugarren (7:17). Atzean geratuta zeuden, ordurako, Mikel Larrañaga eta Txomin Amundarain (8:19).

Bigarren postua lehiatu be­har­ko zutela zirudien, baina or­duan eman zuten bere maila onena Basozabalek eta Bihurrik, proba luzeenean: 45 ontzako bi enbor, 60ko beste bi, eta 65eko bi gehiago moztu behar izan zituzten. Sekulako erritmoan osatu zuten proba, eta 10:02 denboran gelditu zuten kronometroa, garai­pena lortzeko. Bikain aritu ziren Larrañaga eta Amundarain ere, bigarren bukatzeko (10:33). Eta aldiz, pilatutako nekea nabaritu zuten Vicentek eta Rekondok, hirugarren (11:19); eta Alberdik eta Gisasolak, laugarren (12:02).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!