Asteburu ezin hobea, Umore Onako esku pelotarientzat: zazpi txapel, eta Espainiakoaren semifinaletara pasea

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 28a, 00:00

Mendialdeko Txapelketako finalistak, ostiralean Goizuetan.

Mendialdeko Txapelketan, Umore Onako hiru bikotek irabazi zuten finala; eta Nafar Jokoetan, txapela jantzi du Alize Sagarduik, buruz buru. Gainera, Espainiako Kluben Arteko Txapelketan, semifinaletara sailkatu da talde goizuetarra.

Borobila izan da asteburua, Umore Onako pelota elkartearentzat. Zazpi esku pelotari izan dira txapeldun, Mendialdeko Binakako Txapelketan zein Nafar Jokoetan; eta Espainiako Kluben Arteko Txapelketan ere, aurrera egin du Umore Onak, semifinaletara.

Hiru final irabazi zituzten Umore Onako bikoteek, Mendialdekoan, ostiralean Goizuetako frontoian. Sein mailan, finala irabazi zuten Inar Lujanbio eta Urki Larralde goizuetarrek, Aurrerako Azpiroztarren kontra (18-15). Kimuen hirugarren mailan, berriz, Mañel Seges aranoarra eta Luken Elizegi goizuetarra nagusitu ziren, Haritz Aranberri goizuetarraren eta Larraungo Lekuonaren kontra (18-5). Eta kimuen bigarren mailan, txapeldun izan ziren Mikel Zurutuza eta Aiur Apezetxea goizuetarrak, Araxesko Ezeiza eta Gorostidi menderatuta (18-14). Hegoi Zabala hernaniarrak, ordea, ezin izan zuen txapela jantzi: 9-18 galdu zuen, Aurrerako Gurrutxagarekin batera, Larraungo Iriarteren eta Etxepareren kontra.

Nafar Jokoetan, berriz, buruz buruko finala zeukaten Alize Sagardui goizuetarrak eta Araitz Legarreta aranoarrak. Sagarduik lortu zuen txapela, kimuen mailan, Ardoi taldeko Gomezi irabazita (18-14), Iruñeko Labriten. Legarretak, aldiz, galdu egin zuen kadete mailako finala, Ultzamako Sarratearen kontra (7-18), Etxarri Aranatzen.

Alize Sagardui, txapelarekin.
 

Espainiako Txapelketarekin borobildu du asteburua Umore Onak. Jardunaldi erabakigarria zeukan Lagunak taldearen kontra, Barañainen; eta bi partiduak irabazi zituen: Iker Egigurenek 10-8 eta 10-3 menderatu zuen De La Torre buruz buru; eta Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak 10-7 eta 10-2 irabazi zuten Senosiainen eta Taintaren kontra. Hori horrela, txapelketaren semifinaletara sailkatu dira. Urbion B taldearen kontra jokatuko dute, martxoaren 4an, Agoizko Toki-Eder frontoian. Irabaziz gero, hurrengo egunean jokatuko dute finala, Agoitzen bertan. Izarrak eta Logroñok jokatuko dute beste semifinala.

Barandiaranek, Labakak, Manterolak eta Zabalak aurrera, trinketean

Gipuzkoako Trinkete Txapelketan, bestalde, bailarako lau esku pelotarik egin dute aurrera. Nagusien lehenengo mailan, Xabier Barandiaranek irabazi zuen astigartarren arteko semifinala, Oier Gurutzealderen kontra (40-28). Epleko Taberna izango du kontrario, finalean. 

Nagusien bigarren mailan, berriz, hernaniarren arteko lehia izan zen final laurdenetan: Iñigo Labaka nagusitu zen, Jon Jararen kontra (40-17). Jubeniletan, finalera sailkatu da Unax Manterola hernaniarra, baina lehiatu beharrik izan gabe, jokatzerik ez baitzuen izan Gaztelekuko Cestauk. Intzako Urdanpilletaren kontra jokatuko du final haundia. Eta kadete mailan, azkenik, gozotik zein gazitik izan dute final laurdenek: Aimar Zabala astigartarrak 30-3 irabazi zuen, Behar Zanako Otaegiren kontra; baina galdu egin zuen Joseba Arretxe hernaniarrak, Behar Zanako Iparragirreren kontra (2-30).

Ekhi Osesek, bere aldetik, Zizurko lau t'erdiko txapelketaren finala jokatuko du martxoaren 11n. Semifinalean 16-3 menderatu zuen Nafarroako txapelduna, Lagunak taldeko Antimasberes.

Hodei Expositok 'play-off'a larunbatean, Promoziokoan

Profesionalei dagokionez, larunbatean jokatuko du semifinaletara sailkatzeko play-offa Hodei Exposito astigartarrak, Promozioko Binakako Txapelketan. Bikuñarekin batera, Bakaikoaren eta Morgaetxeberriaren kontra ariko da, 17:15etan Labriten. Igandean bueltatu zen kantxara Exposito, lesio luzearen ondoren; eta oso maila onean aritu zen, baina 21-22 galdu zuten. Iker Salaberria goizuetarra, al­diz, zuzenean sailkatu da semifinaletako ligaxkara, Oier Etxebarriarekin batera; eta bi aste ba­rru ekingo diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!