Porrota bailarako bi talde nagusientzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 28a, 00:00

Porrota jaso zuten Mundarroko seniorrek.

Mundarrok etxean galdu zuen Internacionalen aurka (41-54); eta Hernanik puntu batengatik Donostian. 

Asteburu kaxkarra izan da bailarako bi saskibaloi talde nagusientzat. Etxean jokatu zuen Mundarrok, eta puntu diferentzia haundiarekin galdu zuen Internacionalen aurka. Hasieratik okertu zen partidua moreentzat, eta 13 puntuko errentarekin irabazi zuten donostiarrek; 41-54. Sailkapeneko beheko postuetatik aldendu ezinik dabiltza astigartarrak, hamargarren postuan daude, eta ez daukate akatsak egiteko tarterik. Saski Axularren aurka jokatuko dute asteburu honetan, etxetik kanpo. 

Dinamika hobean zebilen Hernani, ligako bigarren faseari neurria hartuta. Hala ere, ezin izan zion garaipenen boladari jarraipena eman Donostiako Paco Yoldi kiroldegian. Lehenengo bi laurdenak Hernanirentzat izan ziren, nagusitasunez hasi zuen partidua Joseba Gomezen taldeak, eta aurretik iritsi ziren atsedenaldi luzera; 25-33. Hirugarren laurdenean berdindu egin zen jokoa, baina errenta mantentzea lortu zuen Hernanik, azken laurdenera 8 puntuko tartearekin iritsita. Orduantxe okertu zen guztia; donostiarrentzat izan zen azken laurdena, 20-11 partziala lortu zuten, eta puntu bakarrak erabaki zuen partidua; Bosteko Irauli 58-57 Hernani.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!