Mikel Arroiok garaipena oso gertu, Ategorrietan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 28a, 00:00

Bigarren izan zen hernaniarra, Lehendakari Txapelketako bigarren tiraldian. Laugarren dago sailkapenean.

Ategorrietan jokatu zuten, joan den igandean, Lehendakari Txapelketako bigarren tiraldia. Eta maila bikainean aritu zen Mikel Arroio hernaniarra: 49 brila bota zituen, eta oso gertu izan zuen garaipena. Izan ere, bigarren bukatu zuen, Xabier Lazkanorekin eta Jokin Izagirrerekin berdinduta; eta Roberto Ostolaza izan zuten aurretik, 50 brilarekin.

Gizonezkoetan, ondo aritu ziren bailarako beste hainbat ere: Leandro Miner ereñotzuarra 11garren izan zen 46 brilarekin, eta Aner Miner eta Ibon Miner ereñotzuarrek eta Fernando Gallego eta Patxi Loreak hernaniarrek 45na bota zituzten. Joxe Mari Etxebeste astigartarra, aldiz, ohi baino kaxkarrago aritu zen, eta 42 brila bota zituen.

Emakumezkoetan, berriz, primeran aritu zen Rosa Santos astigartarra, eta laugarren izan zen 47 brilarekin, Beatriz Unzue bigarrenarekin eta Garbiñe Alustiza hirugarrenarekin berdinduta. Naiara Peñagarikano nagusitu zen, 50 brilarekin. Martxeli Kanflanka ereñotzuarra seigarren izan zen, 42 brilarekin.

Txapelketako sailkapenean, laugarren postura igo da Mikel Arroio gizonezkoetan, lidertzatik brila bakarrera; eta hirugarren dago Rosa Santos, liderra zortzi brilara duela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!