Bizi dugun krisi garaian, langileon lan baldintzak okertzen doazela esatea ez da ezer berria. Jakinekoa da sektore askotako kondizioak zinez lazgarriak direla, eta hauek hobetze aldera borroka handia egin beharra dagoela. Dena den, zaintza eta garbiketa sektoreari eutsi diogu oraingo honetan, borrokatzeko asko dagoela kontsideratuz. Enpresari eta agintarien begietan, oso sektore feminizatua izateak ateak irekitzen baitizkio are baldintza kaskarragoak ipintzeari. Besteak beste, zaintza eta garbiketa sektorean hainbat afera nabarmendu ditzakegu: soldata baxuak, lanaldi partzialak eta ordu banatuak, enplegu agentzien mafia, ratio oso altuak, funtzio gehigarrien betebeharra, zenbaitetan lan osasuna eta segurtasuna bermatu gabe egotea...
Hauen aurrean, Itaiatik beharrezkotzat jotzen dugu: lan partzialetan orduak gehitu eta hauek forma jarraian antolatzea, lanpostuak egonkor bilakatzea, dietak ordaintzea, zerbitzu batetik bestera behar den denbora lan ordu gisa kontatu eta ordaintzea, lana kontratuan zehazturiko funtzioetara mugatzea, ratioak jeistea, enplegu agentzia eta azpikontratekin amaitzea, zerbitzu bakoitzak eskatzen duen lan segurtasuna bermatzea, edota jazarpen sexualarekin amaitzeko bermeak jartzea bezalako aldarrikapenen alde egitea.
Aipatutako lan baldintza penagarri horiez baliesten dira enpresariak sekulako etekin ekonomikoak ateratzeko; labur esanda, emakume langileon esplotazioaren kontura betetzen dute poltsikoa. Eta hori gutxi izango balitz, egoera hau lan berdintasun baten gisara saltzen dute, guztiz faltsua dena, haien aurpegi zuriketarako argumentu hutsala.
Egoera honen aurrean, emakume langileon bizi eta lan baldintzak hobetzeko apustua egiten dugun heinean, eta emakumeok aktibo politiko bilakatzeko ezinbestekotasunak bultzatuta, otsailaren 25ean mobilizazioak egingo ditugu Bilbo, Donostia eta Iruñean. Donostian, zehazki, eguerdiko 13:00etan izango da hau, Boulevardetik. Era honetan, zaintza eta garbiketa sektoreak bizi dituen baldintzak salatu eta antolakuntza eta borrokarako deia egiten dugu.