DIBURGE proiektua aurkeztu du Añarbek, eta Astigarragak eta Hernanik bat egin dute

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 22a, 00:00

Jaione Hervás, Añarbeko Urakeko lehendakaria pozik agertu da: «Añarbeko eta udaletako talde teknikoek egindako ahaleginarekin».

Añarbeko Urak eta zenbait udalerrik, tartean Hernanik eta Astigarragak, eskatzaile talde bat eratu dute, uraren zikloa digitalizatzeko PERTEren (Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoak) lehen deialdira proiektu bat elkarrekin aurkezteko. Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren deialdi honek, 200 milioi euroko aurrekontua du, eta laguntzak norgehiagoka-erregimenean banatuko direla azaldu du Añarbek.

Mankomunitateak eta bederatzi udalerrik (Errenteria, Hernani, Lasarte, Pasaia, Oiartzun, Astigarraga, Urnieta, Usurbil eta Lezo) 'Diburge' izeneko proiektua aurkeztu dute, 9,2 milioiko aurrekontuarekin. Proiektu horren finantzaketak, hautatua izanez gero, Europako funtsen dirulaguntza haundia izango luke (%74) eta gainerakoa Añarbeko eta udaletako baliabideen bidez gauzatuko da (%26).

Uraren erabilerak digitalizatzeko, PERTEk informazioaren teknologia berriak erabiltzea bultzatzen du, uraren ziklo integralean. Añarbek guzti honi esker honako aurrerapenak lortu daitezkeela azaldu du: «uraren kudeaketa hobetu, eraginkortasuna haunditu, gardentasuna areagotu, hornidura-sareetako galerak murriztu eta plangintza hidrikoak eta nazioarteko arauek ezarritako ingurumen-helburuak bete».

Proiektuan, guztira, 52 jarduera sartzen dira uraren ziklo osoa hartzen dutenak (bai Añarbeko eskumeneko lehen mailako sareetan, bai eta Udalaren bigarren mailako sareetan ere): edateko uraren bilketa, tratamendua, biltegiratzea eta banaketa: hondakin-uren saneamendua eta arazketa; eta azkenik, ingurune naturalera itzultzea. 

Jarduketek hornitutako uraren ezagutza hobetuko dute emariak, presioak eta beste aldagai fisiko batzuk etengabe monitorizatuz, «bai eta kalitate neurriak ere, bai izaera fisikokimikoak bai mikrobiologikokoak ere» azpimarratu du Añarbek. Horrez gain, energia-kontsumoa optimizatzera eta ziber-segurtasuna hobetzera bideratutako proiektuak ere gauzatuko dira. Eraldaketa digitalaren prozesua teknologia berritzaileetan oinarrituko da, hala nola, biki digitalen erabilera, adimen artifizialeko tekniken aplikazioa, Big Data, Internet, etabar.

Jaione Hervás, Añarbeko Urak-en lehendakaria, oso pozik agertu da, «Añarbeko eta udaletako talde teknikoek egindako ahaleginarekin» eta dio, horri esker lortu dela digitalizazioaren arloko beharrak diagnostikatzea. Era berean, ondorengoa nabarmendu du: «aukera bikaina da uraren ziklo integralaren kudeaketa adimentsuagoa lortzeko. Digitalizazioari esker, ur-hartuneei, uraren erabilerei, hondakin-uren isurketei eta prezipitazio-gertaeretako sistemen kudeaketari buruzko informazio gehiago izango dugu denbora errealean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!