Kontun Eguna aitzakia hartuta, festak jarraipena izanen du Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 22a, 00:00

Negar malkoak masailetatik behera zituztela agurtu zituzten inauteriak hernaniarrek, atzo, Sardinaren ehorzketarekin.

Hernanin, atzo eman zitzaien amaiera 2023ko inauteriei, sardinaren ehorzketarekin. Goizuetarrek, aldiz, oraindik izanen dute festarako tartea, Kontun Egunarekin. 

Atzo eman zitzaien amaiera ofiziala Hernaniko eta Goizuetako inauteriei makina bat jarduerarekin. Hernanin, sardinaren ehorzketara bertaratu ziren zenbait herritar, beltzez jantzita, jai koloretsuei agurra emateko asmotan, eta dultzaina taldea izan zen giro tristea girotzen. Kale buelta egin ostean, plazaren erdi-erdian erre zuten sardina. Izan ere, usadio zaharrek diote, sardinaren ehorz­ketarekin iragana erretzen dela, eta bidea irekitzen zaiola etorkizunari, are eta indar haundiagoarekin. 

Inauteriak amaituta, festei buruzko balorazioa egiteko, datorren asteazkenerako bilera bat antolatu du, Hernaniko Udalak, arratsaldeko 18:00etan, Biterin, eta herritarrei bertaratzeko deia luzatu die: «animatu eta bertaratu bilerara».

Goizuetan, aldiz, egun potoloa izan zuten atzo, mozorro artean: goizean goiz, mozorroen gosari baten bueltan hasi zuten eguna batzuk, eta beste gautxori batzuk, berriz, amaitu; jarraian urteroko ohiturari jarraiki, mozorroek herriko baserri eta etxeak bisitatu zituzten; segidan bapo bazkalduta, Montzanetik hasita, zahagi dantzarekin arratsaldea girotu zuten; zahagi dantzak, Malkogarriyak musika taldeari pasa zion lekukoa ikastolan kontzertu txiki bat eskaintzeko, eta mozorroen afariarekin amaitu zuten atzoko eguna. 

Inauteriak amaitu badira ere Kontun Egunarekin emanen diote amaiera hilabeteari, goizuetarrek. Eguerdiko 13:00etan Igandea txarangak lagunduta poteo girotua egginen dute, eta eguerdiko 14:30ak aldera, mozorroen bazkari eder baten bueltan bilduko dira. Eta arratsaldean, berriro ere Igandea txarangak hartuko du testigua, eta herrian zehar dantzan ibiliko dira goizuetarrak, Kontun Egunari amaiera emateko.

Erlazionatuak

Sardinaren ehorzketa 2023, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023 ots 21 Hernani

Karnabalen azkeneko eguna, Goizuetan (2023)

Kronika - Erredakzioa 2023 ots 21 Goizueta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!