Zahagi Dantzak eta Sardinaren ehorzketak emango diete bukaera, festa koloretsuenei

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 21a, 00:00

Kaldereroz jantzita, sekulako giroa izan zen atzo, Goizuetan. Argazkia: Felix Loiarte.

Erritmo biziko bost egunen ondoren, gaur bukatuko dira Inauteriak bailaran. Haundia izango da asteartea Goizuetan: mozorroak herrian barrena goizetik, eta Zahagi Dantza arratsaldean.

Mozorro eta kolore uholdea izan da Urumea bailaran, azkeneko egunetan; eta jendetza bildu da Inauterien inguruan, herriz herri. Giro ederrean ospatu zuten Inauteri eguna Aranon, aurreko asteburuan; eta oraingoan Hernaniren eta Astigarragaren txanda izan da. Hernaniarrek ostiralean eman zieten hasiera festa koloretsuei, eta atzo arte, erritmo biziak eta umoreak ez zuten etenik izan, gaurkoan Sardina ehorzteko esperoan.

Astigarragan, asteburuko bi egunetan izan dute zer ospatua. Larunbatean, Kita Del Parek girotu zuen poteo jendetsua, eta gaztetxoen arratsaldea alaitu zuen Xaguxarrek. Eta igandean, dagoeneko klasiko bilakatu den konpartsak, Iñude eta Artzainenak, hartu zituen herriko kaleak eta plazak. Urte gutxi dira berreskuratu zutela, baina dagoeneko, astigartarrak irrikaz egoten dira, Iñude eta Artzainen konpartsa noiz aterako, garai bateko pertsonaia eleganteekin.

Igande eguerdian izan zen hori, Astigarragako Inauteriei bukaera emateko; eta batzuk bukatu bezala, besteak hasi: igande arratsaldean abiatu ziren Goizuetako Karnabalak, gaztetxoen Zahagi Dantzarekin.

Atzokoa izan zuten egun haundia goizuetarrek, bi talde haunditan: Mozorroak batetik, eta Kaldereroak bestetik. Izan ere, horixe zuten aurtengo gaia, Inauteri astelehenerako. Kaldereroz jantzita egin zuten kalejira eguerdian, eta hala apaindu zuten herria ere. Ikustekoak ziren mozorroetako batzuk!

Mozorro taldeak, berriz, iluntzean egin zuen herrira buelta, baserriz baserri ibili ondoren. Gaurkoan herri barruan ibiliko dira, goizeko 10:00etan abiatuta, elkarrekin gosaldu ondoren. Ez da makala izango, Inauterietako azkeneko eguna ere. Izan ere, gaur arratsaldean egingo dute Zahagi Dantza, Motzanetik abiatuta. Musika ere ez da faltako, Malkogarriyak taldearen eskutik, iluntzean; eta Mozorroen afariarekin borobilduko dituzte Inauteriak, larunbatean kontuak egiteko faltan.

 

Argazki albumak eta bideoak ikusgai, 'kronika.eus' webgunean

Inauterietako argazki guztiak, herriz herri, ikusgai daude kronika.eus webgunean, Iruditan atalean. Egunez egun sortu ditugu argazki albumak, eta baita bideoak ere, ekitaldi esanguratsuenetako batzuekin.

 

INAUTERIETAN GAUR

GOIZUETAN

09:00, Mozorroen gosaria.

10:00, Mozorroen irteera herriko etxeetara.

14:30, Mozorroen bazkaria.

17:30, Zahagi Dantza, Motzanetik hasita.

18:30, Malkogarriyak musika taldea, ikastolan.

22:00, Mozorroen afaria.

HERNANIN

18:30, Sardinaren ehorzketa, dultzaina taldearekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!