Beñat Apezetxea eta Ekain Lizeaga elkarrekin izan dira txapeldun, Malerrekako Torneoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 21a, 00:00

Ekain Lizeaga eta Beñat Apezetxea, Iker Salaberriaren eskutik sariak jasota.

Goizuetarrak eta astigartarrak 22-14 menderatu zituzten Elizalde eta Irurita, Donezteben, elite mailako finalean. Datorren asteburuan makina bat final jokatuko dituzte bailarako esku pelotariek, txapelketa ezberdinetan.

Une gozo-gozoan dago Urumea bailarako esku pelota, urte hasiera honetan. Txapelketa ofizialetan zein pribatuetan ari dira primerako emaitzak lortzen, eta asteburu honetakoa izan da beste adibide bat. Elkarrekin aritu dira Beñat Apezetxea goizuetarra eta Ekain Lizeaga astigartarra, Malerrekako Txapelketan; eta elite mailako finala irabazi dute Donezteben: 22-14 nagusitu zitzaizkien Zugarraldeko Elizalderi eta Oberenako Iruritari. Sasoi puntu ederrean dabiltza biak, eta beste txapel bat gehitu diote beren palmaresari; oraingoan, elkarrekin.

Gaur bertan, Eñaut Lizeagak, Ekainen anaiak, jokatuko du beste partidu garrantzitsu bat. Bergarako Lau t'erdiko Txapelketaren final laurdenetako partidua jokatuko du, promesa mailan: Lapkeko Beñat Zubizarreta izango du aurrez aurre, 19:30etan Bergaran. 

 

Mendialdeko Txapelketaren finalak, ostiralean Goizuetan

Une gozoari segida emanez, makina bat final jokatuko dituzte bailarako esku pelotariek, aste honetan. Horietako hainbat, Goizuetan izango dituzte, bertan jokatuko baitira Mendialdeko Binakako Txapelketaren sei final, ostiralean, arratsaldeko 17:00etan hasita. Sein, kimu eta haur mailakoak izango dira, eta final gehienetan izango da bailarako esku pelotaririk. 

Sein mailakoa jokatuko dute Inar Lujanbio eta Urki Larralde goizuetarrek, Aurrerako Azpiroztarren kontra. Kimuen hirugarren mailan, berriz, Umore Onako hiru pelotari ariko dira: Mañel Seges aranoarra eta Luken Elizegi goizuetarra batetik, eta Haritz Aranberri goizuetarra bestetik, Larraungo Lekuonarekin batera. Kimuen bigarren mailakoan Mikel Zurutuza eta Aiur Apezetxea goizuetarrak ariko dira, Araxeseko Ezeizaren eta Gorostidiren kontra.

Eta azkenik, haurren bigarren mailako finala jokatuko du Hegoi Zabala hernaniarrak, Aurrerako Gurrutxagarekin batera, Larraungo Iriarteren eta Etxepareren kontra.

 

Nafar Jokoetako finalak, Alize Sagarduik eta Araitz Legarretak

Ez dira izango aste honetako final bakarrak. Izan ere, Nafar Jokoetako txapelaren bila ariko dira Umore Onako beste bi esku pelotari ere, datorren asteburuan. Kadete mailako finala jokatuko du Araitz Legarreta aranoarrak, semifinaletan Huarteko Izcue nagusitasunez menderatu ondoren (18-8). Ultzamako Sarratea izango du kontrario, finalean. Alebinetan, berriz, Alize Sagardui goizuetarrak jokatuko du final haundia, joan den ostiralean Ultzamako Landiribar menderatu ondoren, Goizuetan. Bihar jakingo dute noiz eta non jokatuko dituzten finalak.

 

Trinketeko banakako finalerdietan aurrez aurre, Gurutzealde eta Barandiaran 

Finalak oraindik ez, baina partidu garrantzitsuak jokatuko di­tuzte esku pelotari astigartar eta hernaniarrek, asteburu honetan, trinketean. Izan ere, Gipuzkoako Banakako Txapelketaren finalerdietara sailkatu dira hainbat. Nagusien lehenengo mailan, esaterako, aurrera egin dute Oier Gurutzealde eta Xabier Barandiaran astigartarrek. Barandiaranek jokatutako hiru partiduak irabazi ditu ligaxkan, eta aurreneko postuan egin du aurrera. Gurutzealdek, berriz, galdu egin zuen ligaxkako azkena, eta bigarren postuan sailkatu da. Hori horrela, elkarren kontra jokatuko dute bi astigartarrek, semifinalean.

Nagusien bigarren mailan, berriz, final laurdenetara sailkatzea lortu dute Jon Jara eta Iñigo Labaka hernaniarrek. Partidu erabakigarria zuten azkenekoa, eta garaipena lortu zuten biek. Haiek ere elkarren kontra ariko dira, finalerdietara sailkatzeko lehian, datorren asteburuan. Jubeniletan, bestalde, semifinala jokatuko du Unax Manterola hernaniarrak. Eta kadeteetan, final laurdenetara sailkatu dira Aimar Zabala astigartarra eta Joseba Arretxe hernaniarra.

Espainiako Txapelketan, partidu erabakigarriak larunbatean Umore Onak

Bestalde, datorren larunbatean jokatuko du jardunaldi erabakigarria Umore Onak, Espainiako Kluben Arteko Txapelketan. Barañainen ariko dira, arratsaldeko 18:00etan hasita, Lagunak taldearen kontra.

Ohi bezala, bi partidu jokatuko dituzte: buruz burukoa Iker Egigurenek, De La Torreren kontra; eta binakakoa Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak, Amianoren eta Taintaren kontra. Bietatik bat irabaztea nahikoa du Umore Onak, txapelketaren semifinaletara sailkatzeko.

 

Promoziokoan, semifinaletara sailkatuta Iker Salaberria, eta play-offera Hodei Exposito

Profesional mailan, azkenik, Promozioko Binakako Txapelketan aurrera egingo dute Iker Salaberria goizuetarrak eta Hodei Exposito astigartarrak. Salaberria finalerdietara sailkatuko da zuzenean, Oier Etxebarriarekin batera, ligaxka lider bukatuko baitute: 13 partidutik 12 irabazi dituzte.

Exposito, berriz, play-offean ariko da Iñigo Bikuñarekin, hirugarren postutik seigarrenera sailkatutakoek jokatuko dutena. Ligaxkako azkeneko jardunaldian erabakiko da, zein postutan bukatuko duten, eta zer nolako bidea egin beharko duten finalerdietara sailkatzeko. Une honetan bosgarren dira, baina izan daitezke laugarren edo seigarren ere, azkeneko jardunaldiko emaitzen arabera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!