Kontzentrazioak bihar, osasun zentroen aurrean

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 20a, 00:00

Eguerdiko 13:00etan egingo dituzte, adierazteko Osakidetzako Zuzendaritzaren «mespretxu eta kudeaketaz kokoteraino» daudela.

Kontzentrazioak egingo dituzte bihar, Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan eta osasun zentroetan, adierazteko «kokoteraino» daudela Osakidetzako Zuzendaritzaren «mespretxu eta kudeaketaz». Sei sindikatuk egin dute bat, kontzentrazioak deitzeko: SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT.

Goizeko 08:15etan izango dira ospitaleetako kontzentrazioak, eta eguerdiko 13:00etan egingo dituzte osasun zentroetan; tartean, Hernaniko eta Astigarragako anbulatorioetan.

Horrela, salatu nahi dituzte, besteak beste, «EPE prozesuetako atzerapenak, aldibereko lan eskaintza publikoko prozesuak, kontratazio iruzurra, alde bakarreko erabakiak eta inposaketa, pribatizazioa sustatzea, kontratazio zerrenden kudeaketa negargarria, eta mugikortasun prozesu guztien atzerapenak».

Izan ere, adierazi dute ez dela «kudeaketa txarra eta kolapsoa soilik», jasaten ari direna: «Plantillarekiko tratu txarra da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!