Hartutako martxari puntu bat gehituta, haundia izango da Inauteri igandea!

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 19a, 00:00

Gogotik berotu zituzten bizkar mozorrotuak Hernaniko Kaxkoan, atzo goizean, Azeri Dantzako kideek.

Iñude eta Artzainen konpartsa aterako da Astigarragan, mozorroen kalejira egingo dute Hernanin, eta gaztetxoen Zahagi Dantzarekin hasiko dira aurtengo Inauteriak Goizuetan.

Kolorea txoko guztietan eta mozorroak nonahi. Giro ederra apaldu gabe dabiltza Hernaniko Inauteriak ostiraletik, eta festarako gogorik ez zen falta atzokoan ere, Astigarragan. Eta hartutako martxari, puntu bat gehiago gehituko diote gaur, Inauteri igandean, ia bailara osoan. Egun potentea izango da.

Potentea, beste behin aterako delako kalera Iñude eta Artzainen konpartsa, Astigarragako kaleetara. Astigar Dantza Taldeak antolatuta, goizeko 11:30etan abiatuko dira Iñudeak eta Artzainak Ergobiko plazatik, makina bat pertsonaia eleganterekin batera: barkilleroa, apaiza, irakasleak, okinak... Ibilbidean lagun izango dituzte danborrada, txistulariak eta txaranga ere, eta Arrobitxulo, Kontxa Etxeberria, Anuska eta Pentagono plazetan dantzatuko dute, Joseba Barandiaran plazan bukatu aurretik, eguerdiko 13:00ak aldera.

Kita Del Pare txarangak girotu zuen poteo jendetsua Astigarragan, atzo eguerdian.
 

Potentea izango da eguna, era berean, Ttarla taldearen konpartsa eta mozorroen kalejira egingo dutelako Hernanin, eguerdiko 12:00etan, Urbieta kaletik abiatuta. Musikarik ere ez da faltako egun osoan, kaleetan barrena; eta Korrontzi taldearen musika eta dantza ikuskizuna izango da Atsegindegin, iluntzean.

Gaztetxo bat sorbalda gainean dantzan pozik, Hernaniko erraldoien pare.
 

Eta potentea dator eguna, azkenik, gaur hasiko direlako Inauteriak Goizuetan, eta gaztetxoen Zahagi Dantzak emango dielako hasiera. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, aurtengo Karnabaletako aurreneko Zahagi Dantza. Hortik aurrera, festa geldiezina izango da Goizuetan, asteartera bitarte; eta datorren larunbatean borobilduko dute, Kontuen Egunarekin.

 

INAUTERIETAN GAUR

 

ASTIGARRAGAN

11:30, Iñude eta Artzainen konpartsa, Ergobiako plazatik abiatuta. Astigar Dantza Taldea.

GOIZUETAN

17:00, Gaztetxoen Zahagi Dantza.

18:30-21:00, Musika: Garazi eta Gorka, ikastolan.

21:30, Mozorroen afaria.

HERNANIN

11:30, Inauterietako txaranga.

12:00, Ttarla taldearen konpartsa eta mozorroen kalejira, Urbieta kaletik abiatuta.

18:00, Inauterietako txaranga.

19:00, Hernani Musika Eskola Publikoko trikitilariak, kaleetan barrena.

19:30, Korrontzi taldearen musika eta dantza ikuskizuna, Atsegindegin.

Erlazionatuak

Hernaniko Inauteriak 2023, larunbata

Kronika - Erredakzioa 2023 ots 18 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!