Ekhi Osesek bihar Lizarrako 4,5ko txapelketaren finalerdia jokatuko du

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 18a, 00:00

Aurrera taldeko Zubillagaren aurka 10:00etan finalaren bila irtengo da frontoira. Trinketean finalerdietarako sailkapenak daude jokoan.

C.D. Hernaniko pelotariek 16 partidu jokatuko dituzte asteburu honetan, une honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatuetan. Horietako batzuk ostegunean eta ostiralean jokatu ziren, baina gehienak gaur eta bihar izango dira. Bihar, 10:00etan Lizarran, Ekhi Oses infantilak 4,5 Lizarra Torneoko finalerdia jokatuko du Leitzako Aurrera taldeko Zubillagaren aurka. Hernaniko pelotaria faborito aterako da partidu honetan.
Eskuz banakako Gipuzkoako Trinkete Txapelketan partidu garrantzitsuak jokatuko dira: Oier Gurutzealdek eta Jon Jarak ostegunean jokatu eta gero, Mundarroko Barandiaranek, lehenengo mailan, Epleko Tabernaren aurka gaur jokatuko du 15:30etan, Iruran. Manterola gazteak gaur 11:00etan jokatuko du, Arrutiren aurka (Behar Zana) eta Iñigo Labaka seniorrak, bigarren mailan, gaur 16:30etan jokatuko du, Zabalaren aurka (Zazpi Iturri). C.D. Hernaniko pelotariek irabazi egin behar dituzte beraien partiduak, txapelketaren final erdiak jokatzeko. Gurutzealde eta Barandiaranek sailkapena errazagoa dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!