Jantzi mozorroak, iritsi dira eta urteko festa koloretsuenak!

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 18a, 00:00

Atzo eman zitzaien hasiera Hernaniko 2023ko inauteriei, eta gaurtik asteartera bitartean jarraipena izango dute; Astigarragan gaur eta bihar egingo dira ekintzak; eta Goizuetan bihartik aurrera ospatuko dituzte karnabalak, eta otsailaren 25eko Kontun Egunarekin emanen zaie amaiera.

Iritsi dira inauteriak Urumea bailarara, datozen egunetan era guztietako mozorroak izango dira ikusgai, Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan. Atzo hasi ziren urteko festa koloretsuenak Hernanin, eta gaurtik asteartera bitartean jarraipena izango dute, prestatutako jarduerekin.

Goizeko 10:00etan hasiko da Axeri Dantza herritarren bizkarrak berotzen, eta kale buelta egin ostean, inauterietako txarangak hartuko du lekukoa kaleak dantzan jartzeko asmotan. Goizeko 11:30etan, poniekin eta zezen txikiekin ibiltzeko aukera izango dute etxeko txikiek, Latsunbe Berri auzoan. Jarraian, San Joan Konpartsa erromeria baten bueltan bilduko da, Jeiki Hadi taldearen laguntzarekin, Plaza Berrin. Eta bazkaldu aurretik, erraldoi eta buruhaundiak irtengo dira plazatik, txistulari eta dultzaineroen doinuak girotuta, herriko gazteen bizkarrak bero-bero jartzera. 

Arratsalderako, etxeko txikiek Milagrosan dute hitzordua 'Pirata istorio bat' antzerkia eskainiko baitute, eta antolatzaileek pirataz janzteko deia egin dute. Arratsaldeko 18:30ak aldera, urteroko ohiturari eutsiz, Atsegindegin dantza festa eder baten bueltan bilduko dira gaztetxoak, gorputzak mugimenduan jarriz. Arratsaldeko 19:00etan, Zuttik Elektrotxarangak hartuko du kaleak girotzeko ardura. Gauean, musikak jarraipena izango du DJ festarekin Atsegindegin eta Incansables txarangarekin, Kaxkoan zehar.

Bihar, herritarren ajeari buelta emateko, goizeko 11:30etan Inauterien txaranga irtengo da kaleak alaitzera, eta 12:00etan, berriz, Ttarla taldearen konpartsak hartuko du protagonismoa, mozorroen kalejirarekin batera, Urbieta kaletik abiatuta. Arratsaldean, berriro lekukoa hartuko du Inauterietako txarangak, eta 19:00etan, Hernaniko Musika Eskola Publikoko trikitilariak kaleetan barrena ikusteko parada izango dute herritarrek. Igandeari amaiera emateko, Korrontzi taldearen musika eta dantza ikuskizuna eskainiko dute Atsegindegin.

Astelehenean, goizetik esnatuko da herria, dianarekin, eta jarraian, gaztetxoentzat, axeri dantzak herriko kaleak zeharkatuko ditu. 11:30ak aldera, berriro poniak eta zezenak ikusteko aukera izango dute etxeko txikiek, Latsunbe Berrin. Eguerdirako, berriz, Kulki, industriako herri kirolak jarriko dituzte gaztetxoentzat, Atsegindegin. Arratsaldean, erraldoiek eta buruhaundiek hartuko duke inauterietako testigua, dultzaineroen laguntzarekin, arratsaldeko 16:00etan; eta puzgarriak jarriko dituzte Atsegindegin, 17:00etan. Eta datorren asteartean emango zaie amaiera Hernaniko inauteriei, sardinaren ehorzketarekin, arratsaldeko 18:30etan herriko plazatik abiatuta. 

 
Gaur eta bihar festa 
koloretsuak, Astigarragan 

Joan den asteburuan atera ziren Astigarragako kaldereroak kalera, inauteriak ate joka direla iragartzeko asmotan, eta heldu dira: gaur eta bihar ospatuko dira inauteriak, Astigarragan ere. Gaur eguerdi partean, KDP Astigarragako Txarangak emango die hasiera inauteriei, kaleak dantzan jarriz. Arratsaldeko 16:30etarako, astigartar txikientzat jarduera ugari antolatu ditu, Xaguxar Aisialdi taldeak, Kontxa Etxeberria plazan. Eta gaurko egunari amaiera emango diote DJ Davilak, txarangak, umeentzako jarduerek eta diskofestak, arratsaldeko 10:30etatik 21:00etara bitartean, Erriberako atarian.

Bihar emango zaie amaiera Astigarragako inauteriei, Iñude eta Artzaien konpartsarekin. Goizeko 11:30etan Ergobiko plazatik aterako da konpartsa, eta euria eginez gero, Kontxa Etxeberria plazan izango da, 12:00etan. Astigar dantza taldeak aditzera eman du, edonor atera daitekeela konpartsan, garaiko jantziekin apainduta badoa. Konpartsak herriko kale eta auzoak zeharkatuz emango die amaiera, Astigarragako inauteriei.

 

Bihartik, Goizuetan nagusi, Karnabalak

Bihartik jai giroan murgilduko dira goizuetarrak, izan ere, bihar hasiko dira Goizuetan hain maiteak diren karnabalak, gaztetxoen Zahagi Dantzarekin. Arratsaldeko 17:00etan hasiko dira gazteak, dantzan; eta jarraian, Garazi eta Gorkak kontzertua eskainiko dute, Xalton. Gaueko 21:00etan, denak mozorrotuta, afari baten bueltan bilduko dira.

Etzi, goizetik izango da iskanbila Goizuetan: 08:00etan, herritarrak kaldereroz mozorroturik, herriko zenbait baserri bisitatuko dituzte; baserrietako buelta egin ostean, plaza apain-apain ipiniko dute, kaldereroz girotuta. Goizeko 11:30ak aldera, kalejirak hartuko du nagusitasuna, herriko txokoak zeharkatuko baititu; eta 13:30etan denak elkarrekin, bazkaltzeko hitzordua izanen dute; arratsalderako haur eta gaztetxoek ederki pasatzeko parada izanen dute, haientzat prestatutako jarduera entretenigarriekin. Txokolatea dastatzeko tartea ere izanen da, arratsaldeko 18:00etan; eta jarraian, mikrofono aurrean jarriko dira Garazi eta Gorka, Xalto ikastolan. Ilunabarrean, aldiz, mozorroen etorrera egingo dute, iluntasuna argituz, dultzaineroen laguntzarekin; astelehenari amaiera emango diote mozorroen afariarekin.

Asteartean ere jai giroan murgilduta egonen dira goizuetarrak, egun osorako egitaraua prestatu baitute: hasteko, goizeko 09:00etan mozorren gosari eder bat prestatu dute; jarraian herritarrak herriko etxeetara bisitak eginen dituzte mozorrotuta; eta segidan bapo bazkalduko dute, indarrak hartzeko arratsaldeko ekintzetarako; arratsaldeko 17:30etan, Motzanetik abiatuko da Zahagi Dantza; eta 18:30etan, Malkogarriyak musika taldeak kontzertu ederra eskainiko du ikastolan; eguna behar bezala amaitzeko, afaria antolatu dute, 22:00etarako.

Otsailaren 25ean emanen zaie amaiera Goizuetako inauteriei, Kontun Egunarekin. Eguerdiko 13:00etan emanen zaio hasiera Kontun Egunari, poteoarekin eta Igandea txarangaren laguntzarekin; jarraian, eztarriak utziko dituzte goizuetarrek inauterietako azken bazkarian. Eta jaiei amaiera emateko, berriro ere Igandea txarangak hartuko du lekukoa, eta herrian zehar agurtuko dituzte inauteriak, jai giroan.

 

HERNANI

GAUR

10:00 Azeri dantza.

11:30 Inauterietako txaranga.

11:30 Poniak eta zezen txikiak haurrentzat, Latsunbe Berri auzoan. 

12:00 Erromeria Jeiki Hadi taldearekin, Plaza Berrin. San Joan Konpartsaren eskutik.

13:00 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa txistulari eta dultzaineroek lagunduta. 

17:30 Piraten istorio bat haurrentzako antzerkia, Milagrosan.

18:30 Dantza festa gaztetxoentzat DJarekin, Atsegindegin.

19:00 Zuttik elektrotxaranga Kaxkoan barrena.

22:00 DJ festa Atsegindegin.

00:00 Incansables txarangaren irteera, Kaxkotik. 

 

BIHAR

11:30 Inauterietako txaranga.

12:00 Ttarla taldearen konpartsa eta mozorroen kalejira, Urbieta kaletik abiatuta. 

18:00 Inauterietako txaranga.

19:00 Hernani Musika Eskola Publikoko trikitilariak herriko kaleetan barrena. 

19:30 Korrontzi taldearen musika eta dantza ikuskizuna, Atsegindegin.

ETZI

09:00 Diana. Hernaniko Herri Musika Elkartea.

10:00 Azeri dantza gaztetxoentzat. 

11:30 Poniak eta zezen txikiak haurrentzat, Latsunbe Berri

12:00 Kulki, industriako herri kirolak haurrentzat, Atsegindegin. 

16:00 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa, dultzaineroek lagunduta. 

17:00 Haur eta gaztetxoentzako jolastokia eta puzgarriak, Atsegindegin. 

OTSAILAK 21

18:30 Sardinaren ehorzketa, dultzaina taldearekin. 

 

ASTIGARRAGA

GAUR

12:30 KDP Txaranga.Astigarragako txarangaren kalejira. 

16:30 Haurrentzako jarduerak. Kontxa Etxeberria plazan, Xaguxarren eskutik.

18:30-21:00 DJ Davila. Erriberako atarian. 

BIHAR

11:30 Iñude eta Artzaien konpartsa, Ergobiko plazatik. Euria eginez gero, 12:00etan jarri dute hitzordua, Kontxa Etxeberria Plazan. Antolatzailea: Astigar dantza taldea. 

 

GOIZUETA

BIHAR

17:00 Gaztetxoen zahagi dantza

18:30-21:00 Musika: Garazi eta Gorka ikastolan. 

21:30 Mozorroen afaria.

ETZI

08:00 Mozorroen abiera baserrietara 

10:00 Plaza apainketa. Gaia: kaldereroak. 

11:30 Kalejira herrian zehar 

16:30 Haur eta gaztetxoentzat entretenimendua 

18:00 Txokolatada

18:30 Musika: Garazi eta Gorka ikastolan 

Ilunabarrean, Mozorroen etorrera dultzaineroekin

22:00 Mozorroen afaria

OTSAILAK 21 

09:00 Mozorroen gosaria

10:00 Mozorroen irteera herriko etxeetara 

14:30 Mozorroen bazkaria 

17:30 Zahagi dantza Montzanetik hasita

18:30 Malkogarriyak musika taldea ikastolan

22:00 Mozorroen afaria 

OTSAILAK 25, KONTUN EGUNA 

13:00 Poteoa igandea txarangarekin 

14:30 Mozorroen bazkaria 

17:30 Igandea txaranga herrian zehar

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!