4x800 probako munduko errekorra Sergio Romanek, M45 kategorian

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 16a, 00:00

Sergio Roman, hiru taldekideekin, errekorraren panela ondoan dutela.

Donostiako belodromoan bota zuen errekorra hernaniarrak, 8:27,08 denbora eginda.

Asteburu gozoa izan zen aurrekoa, bailarako zenbait korrikalarirentzat, proba eta toki ezberdinetan. Atletismoari dagokionez, pista estaliko Gipuzkoako Txapelketak jokatu zituzten Donostian, Anoetako belodromoan, gazteen kategorietan. CD Hernaniko hainbat atleta izan ziren bertan, eta podiumera igo ziren horietatik bi: Oier Arruti hirugarren izan zen 1.500 metroko proban, 18 urtez azpikoetan, 4:17,84 denborarekin; eta brontzezko domina lortu zuen Lur Oconek ere, 16 urtez azpikoen 1.000 metroko proban, 2:49,89 denbora eginda.

Lorpen guztietan esanguratsuena, Sergio Roman hernaniarrak lortu zuen, Anoetako belodromoan bertan, baina Gipuzkoako Txapelketatik kanpo. 4x8000 metroko proban, M45 kategoriako (45 urtetik gorako gizonezkoak) munduko errekorra lortzeko saiakera egin zuen Romanek, Javier Allende, Ruben Barrio eta Oscar Fernandezekin batera; eta baita lortu ere! 8:27,08 denboran gelditu zuten kronometroa, hiru segundutan hobetuz aurrekoa, Madrilgo talde batek 2021ean ezarri zuena (8:30,40).

 

Hodei Lujanbio hirugarren, Kobaz Koba Trailen

Mendi lasterketei dagokienez, hirugarren postua eskuratu zuen Hodei Lujanbio goizuetarrak, Zestoako Kobaz Koba Trail mendi lasterketan, 26 kilometroko ibilbide luzean. Lujanbiok 2:16:09 denboran osatu zuen proba, eta aurretik izan zituen Iñigo Uribeetxebarria legazpiarra (2:13:46) eta Asier Rajado andoaindarra (2:15:50).

Proba berean, 45garren izan zen Gaizka Sarasola hernaniarra (2:41:21), eta 136garren Julen Zuaznabar herrikidea (3:12:41). 15 kilometroko ibilbide laburrean, berriz, Garikoitz Eskudero goizuetarra 108garren izan zen, 1:38:51 denborarekin; eta hiru hernaniarrek ere osatu zuten proba: Jose Angel Kortak (1:51:55), Egoitz Peñagarikanok (2:05:58) eta Susana Gonzalezek (2:05:58).

Ordiziako Mendi Lasterketan (21 kilometro) aritu ziren beste bi hernaniar, maila ederrean: Aitor Urretabizkaia 35garren (1:47:02) eta Ivan Sorondo 45garren (1:50:31).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!