Entzute metodologia aztergai, Iturolan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 14a, 00:00

Beterri Saretuz taldeko formakuntza saioa.

Formazio saioa egin zuten Beterri Saretuz sareko kideek, pasa den asteazkenean, Iturola Elkarlan Gunean.

Joan den asteazkenean egin zuten formakuntza saioa Beterri Saretuz ekonomia eraldatzailearen sareko kideek. Olatz Irizar Emun kooperatibako kidea izan zen hizlaria, eta Entzute Metodologia izan zuten hizpide: «Funtsean, entzute metodologikoak proposatzen du erakundeek zein enpresek euren proiektuak abiatu aurretik denbora tarte bat hartzea, patxadaz entzuteko proiektu horren parte diren aktore guztien iritzia, kezkak eta beharrak».

Bi saio gehiago, otsailean eta martxoan

Beterri-Buruntzako kooperatiba, ekintzaile eta eragileei zuzendutako beste bi saio antolatu dituzte datozen asteetarako. Lehena Berdintasun Planei buruzko saioa izango da, otsailaren 22an; eta bigarrena enpresen jasangarritasunean ingurumenak izan behar lukeen garrantziaz, martxoaren 29an. Izena emateko epea zabalik dago jadanik, beterrisaretuz.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!