Ez da hernaniarren arteko finalik izango

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 14a, 00:00

Infantiletako Lizarrako txapelketaren finalerdietan erori ziren Ormazabal eta Arsuaga pelotari hernaniarrak.

Garaipenen eta porroten balantza orekatua eskuratu dute Hernaniko pelotariek. 15 partidu irabazi eta 14 galdu dituzte asteburuan, jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatuetan. Aho-zapore garratzena infantil mailako Lizarrako Torneoan geratu zaie CD Hernaniko jokalariei; izan ere, finalerdiak jokatu zituzten Imanol Ormazabalek eta Oier Arsuagak, eta elkarren aurka finalean jokatzeko aukera ikusten zuten arren, galdu egin zuten biek. 

Zapore gozoagoa geratu da infantil 2. mailako txapelketan. Bertan Hegoi Zabala alebinak, Gurrutxagarekin batera, finala jokatzeko txartela lortu du, Leitzari 18-12 irabazita. Gipuzkoako errendimendu txapelketari dagokioez, Hernaniko hiru bikote sailkatu dira azken fasea jokatzeko.

Emaitza onak Mundarroko pelotariek

Asteburu ona izan da Mundarrorentzat. Gipuzkoako Trinkete Txapelketan emaitza onak lortu zituzten Nagusien mailako pelotariek. Gurutzealdek 40-24 irabazi zion Behar Zanari, eta Barandiaranek 40-32 EPLEri. Eskuz binakako partiduan ere Mundarro nagusitu zen Alkizan, 22-19 irabazita Lea Ibarrako pelotariei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!