Euskal Duatloiaren finala jokatuko du Suharri Rodriguez hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 14a, 00:00

Laugarren postuan amaitu zuen proba Rodriguezek. Argazkia: Ibon Errazu.

Laugarren postuan amaitu zuen proba Rodriguezek, eta martxoaren 5ean jokatuko du finala. 

Larunbatean jokatu zuten, Azpeitiako zezen plazan, II. Euskal Duatloiaren kanporaketa. 21 kirolari izan ziren bertan, tartean Suharri Rodriguez eta Axel Larrañaga hernaniarrak, eta Ander Altuna astigartarra. Lan txukuna egin zuten bailarako hiru ordezkariek, eta araututako denbora barruan sartu ziren. Denbora onena Suharri Rodriguezek eskuratu zuen, laugarren postuan bukatu eta finala jokatzeko txartela lortuta.

Estua zen finalera bidean pasa beharreko enbutua, sei txartel soilik zeuden jokoan, eta akatsak egiteko tarte gutxi uzten zituen probak: 45 ontzako etzandako bi egur ebaki behar izan zituzten lehenik, bi kilometro korrika jarraian, eta 45 ontzako zutikako bi egur ebaki bukatzeko. Motza bezain gogorra zen egin beharreko lana, 17 minuturen bueltan kokatzen zen finalerako kortea, eta halaxe izan zen. 

Gauzak horrela, denbora onenak lortuta, sei kirolari hauek sailkatu ziren bigarren edizioko finalera: Oier Kañamares (14:47), Ibai Soroa (15:18), Arkaitz Jauregi (15:48), Suharri Rodriguez (15:56), Xabier Zaldua (16:47) eta Eneko Saralegi (17:02). 

22 minutu zituzten kirolariek proba osatzeko, eta denbora barruan ibili ziren Ander Altuna eta Axel Larrañaga. Astigartarrak 19 minutu eta 4 segundu behar izan zituen lanak bukatzeko, eta hamabigarren postuan bukatu zuen. Hernaniarra, aldiz, juxtuago iritsi zen bukaerara, eta arauzko denbora baino segundu bat lehenago amaitu zituen lanak (21:59); hemezortzigarren postuan bukatu zuen Larrañagak. 

Finala martxoaren 5ean 
jokatuko da

Hiru aste exkax izango dituzte sei protagonistek finala prestatzeko. Martxoaren 5ean jokatuko da II. Euskal Duatloiaren final haundia, kanporaketako eszenatoki berdinean: Azpeitiako zezen plazan. Lana, aldiz, gogorragoa izango da, bikoiztu egingo baitira osatu beharreko probak: 45 ontzako etzandako lau egur ebaki beharko dituzte hasteko, lau kilometro korrika jarraian, eta 45 ontzako zutikako beste lau egur ebaki bukatzeko. Borrokatua izango da Ugaitz Mugertzaren lekukoa hartzeko lehia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!