Hernaniren eta Mundarroren arteko derbia Preferentean, bihar Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 11a, 00:00

Hernani eta Mundarro, Zarkumendegin jokatutako derbian.

16:00etan hasiko da partidua. Atzeko postuetan daude bi taldeak, eta garaipena beharrezko dute.

Asteburu honetan derbia izango da Hernani eta Mundarro taldeen artean, mutilen Erregional Preferentean. Zubipen jokatuko dute, bihar, 16:00etan hasita. Egoera zailean daude Hernaniko bigarren taldea eta talde astigartarra, bolada txarrean, Mundarro bereziki. Ez dira puntuak pilatzen ari, eta horrek azken postuetara eraman ditu. Hernani denboraldi hasieratik egon da beheko postuetan, eta azken jardunaldietan arnas pixka bat hartzea lortu du. 

Honela, Hernani azken hirugarren postuan iritsiko da derbira, 14garren postuan, 18 punturekin. Mundarro postu bat aurretik dago, 13garren, 19 punturekin. 

Ohorezko Erregionaleko mutilak, Zubipen gaur Bergararen kontra

Ohorezko Erregional mailan, bestalde, Hernaniko mutilek lidertza sendotu nahi dute gaur, 16:00etan Zubipen, Bergararen kontra. Garaipenak kateatu ezinik dabil azken jardunaldietan, eta gaurko partidua bolada berri baten lehenengoa izan liteke. Sailkapenari erreparatuz gero, Hernanik irabazi beharko luke, baina ez dago aurkari txikirik maila honetan. Hiru punturen abantaila du Hernanik, eta hori haunditu nahi du, garaipena lortuta. 

Nesken Ohorezko Erregionalean, berriz, Hernanik Zumarragara egingo du bidaia, Urolaren aurka jokatzeko. Bihar izango da hori, arratsaldeko 16:00etan. Argixaon jokatuko dute partidua, eta Hernani da faborito.

Bihar bertan, Liga Nazionaleko mutil jubenilek 17:00etan izango dute partidua. Danok Bat talde bilbotarra izango dute kontrario, Mallonako zelaian; eta Hernanik denboraldi onari jarraipena eman nahi dio, beste garaipen batekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!