Iparragirrek ateak zabalik, denboralditik kanpo ere

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 11a, 00:00

Nolakoa da zuen lana? 

Oso zabala da, sagardotegia familiarra da eta txikia. Sagardogileok denetarik egin behar dugu, sagastietatik hasi eta arlo komertzialera arte. Ostalaritza lana ere bai, batik bat, momentu honetan, txotx denboraldian.

 
Denboraldia hasita, 
bazkaritarako lekua ba al dago? 

Otsailerako eta martxorako dena dago hartuta, larunbatetarako. Orokorrean, txotx denboraldian ohitura dago, larunbatetan bazkaltzekoa; lehen afariak egiten ziren, orain aldiz, bazkariak. Azpimarratu nahiko nuke sagardotegiaz lasai gozatzeko aukera badela astean zehar, eta igandeetan. Beraz, herritarrei egun lasaietan etortzeko deia luzatu nahi diet. 

 
Bezeroak, nongoak izan ohi dira? Txotx denboraldian kanpokoak, eta denboralditik kanpo hemengoak? 

Txotx garaian inguruko probintzietatik etortzen dira, Bizkaiatik, Arabatik, Nafarroatik... Baina txotx denboralditik kanpo, herriko jendea edota ingurukoak etortzen dira. 

 
Zein adinetako bezeroak izaten dituzue? 

Bataz beste  30 urtetik 50 urtera bitarteko bezeroak izan ohi ditugu gurean, Iparragirren. 

 
Jendeak gustuko du aurtengo sagardoa?

Bai, gustuko dute. Asko ari dira gozatzen gure sagardoaz eta gu, noski, pozik gaude, horretarako egiten baitugu lan. 

 

Zein esango zenukete dela zuen lanaren alderik onena? 

Barruko lana ederra da, sagardoa egitea, mustioa egitea, jendearekin egiten duzun harremana polita da, niri behintzat asko gustatzen zait, erronka berriei aurre egitea... 

 
Eta txarrena? 

Alderdi txarrena, nire ustetan izan daiteke kezka, nekea, eguerdi eta gau lanean aritzea; besteek jai dutenean zuk lana egin beharra, ordu asko sartzea... Beste batzuetan bezala. Kontua da negozioa norberaren denean, buruari buelta gehiago ematen zaizkiola, hobetzeko zer egin pentsatuz, aldi oro.

 

Zer da momentu honetan eskaintzen duzuena? 

Txotx denboraldian, sagardotegiko menua eskaintzen dugu. Iparragirren eskaintzen dugun berezitasuna da bertako produktuekin sukaldatzen dugula, Eusko Label produktuekin, hala nola, Eusko Label gazta, arrautzak, haragia... Eta daukagun sagardo guztia Euskal Sagardoa izendapenekoa da eta ekologikoa. 

Aurten berrikuntza bat eskaintzen ari gara: Pintxo-txotx. Ostegunetan eta ostiraletan, jendeak ez du zertan afaltzera etorri behar, 19:30etatik aurrera etorri daitezke herritarrak, pintxo batzuk jatera, sagardoaren laguntzarekin, 12 euroren truke. 

 

Udan ere Iparragirrez gozatzeko aukera egongo al da? 

Bai noski, gainera, ekainean irekiko dugu terraza, eta udako egun eguzkitsuekin batera, karta berezi bat eskaintzen dugu. Aipagarria da parrila erabiltzen dugula, eta bertako eta garaiko produktuekin osatutako menua da udakoa. 

Bisita gidatuak ere egiten ditugu, eta herritarrei helarazi nahi diegu, ezkontzak eta ekitaldi bereziak egiteko gure etxeko ateak irekita daudela; antolatu daitezke aurkezpenak, kontzertuak... 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!