Makina bat semifinal, eta Calceatenseren kontrakoa Umore Onak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 11a, 00:00

Araitz Legarreta aranoarra.

Espainiako Txapelketan, hirugarren jardunaldia jokatuko du, 18:00etan. Aurretik, Mendialdeko Txapelketako partidua.

Hirugarren jardunaldia jokatuko du Umore Onak gaur, etxean, Espainiako Kluben Arteko Txapelketan. Arratsaldeko 18:00etan hasita, Calceatenseren kontra ariko dira goizuetarrak. Iker Egigurenek jokatuko du buruz burukoa, Diazen kontra; eta Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak binakakoa, Roberto Capellanen eta Ruben Capellanen kontra. Aurreneko jardunaldian, bi partiduak irabazi zituen Umore Onak nagusitasunez, Santo Domingo de la Calzadan.

Partidu horien aurretik, Mendialdeko Txapelketako beste bat izango da Goizuetako frontoian. Umore Onako bi bikote ariko dira aurrez aurre, 17:00etan hasita, kimuen mailako finalerdian: Mañel Seges aranoarra eta Luken Elizegi goizuetarra, Oier Zabala eta Beñat Narbarte goizuetarren kontra. 

Maila berean, bihar jokatuko dute beste finalerdia, Jon Larin eta Haritz Aranberri goizuetarrek. Lekunberrin ariko dira, 16:30etan hasita, Larraungo Lekuonaren eta Estebanen kontra.

Ez da nolanahiko partidua, Araitz Legarreta aranoarrak jokatuko duena ere, gaur goizean. Nafar Jokoetako semifinala jokatuko du, kadete mailan. Huarteko Izcue izango du kontrario, 09:30etan hasita, Huarteko Toki Alai frontoian.

 

Lizarrako lau t'erdikoaren semifinalak, Oier Arsuagak eta Imanol Ormazabalek

Semifinalak jokatuko dituzte Ima­nol Ormazabal astigartarrak eta Oier Arsuaga hernaniarrak ere, beste txapelketa batean. Lizarrako lau t'erdikoa ari dira jokatzen, eta haurren mailan, finalerdi bana jokatuko dute gaur, Lizarran, 17:30etan hasita: Beti Onak taldeko Santesteban izango du kontrario Ormazabalek, eta Lea Ibarrako Bengoetxea Arsuagak. «Oso polita eta meritu haundikoa litzateke, biek euren partiduak irabazi eta finalean elkarren aurka jokatzea», nabarmendu du CD Hernanik.

Gipuzkoako Errendimenduko Txapelketan, bestalde, partidu garrantzitsua daukate Aratz Labaka eta Lier Zugasti infantil hernaniarrek, bihar goizean, Hernaniko kiroldegiko fronto­i­an. Lapkeren kontra ariko dira, 11:00etan hasita; eta irabaziz gero, azken fasea jokatzeko sailkatuko dira.

 

Iker Salaberriak beste garaipen bat, jokatu gabe

Profesional mailan, ez dute jokatuko Hodei Expositok eta Iker Salaberriak, asteburu honetan, Promozioko Binakakoan. Astigartarrak min hartuta jarraitzen du, eta Dario ariko da bere partez, berriro ere. Goizuetarrak, berriz, jokatu gabe lortu du beste garaipen bat, Oier Etxeberriarekin batera: Agirre eta Iztueta kontrarioak min hartuta daude, eta Baikok adierazi du ez daukala ordezkorik jartzeko aukerarik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!