Etzitik, ikastetxeetan aurrematrikulatzeko aukera

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 11a, 00:00

Etzitik jarriko da martxan aurematrikulazioa, HHn, LHn, eta DBHn.

Otsailaren 24ra arte iraungo du aurrematrikulazioak Hernaniko Elizatxon, Langilen, Urumean, Aratzen, BHI Institutuan; Ereñotzuko Txirritan eta Astigarragako Herri Eskolan.

Dagoeneko iragarri dute 2023-2024 aurrematrikulazio kanpaina noiz hasiko den, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat: etzi, otsailaren 13an. Eusko Jaurlaritzak aditzera eman du aurrematrikulazio epea izango dela otsailaren 13tik eta otsailaren 24ra bitartean, alegia, guztira 11 egun izango dituzte herritarrek eskaera egin eta haur, gazte zein nerabeak aurrematrikulatzeko. Nafarroako Gobernuak ordea, oraindik ez du egutegi ofizialik argitaratu, eta ikastetxeek oraindik ez dute berririk jaso. 

Urumea bailarako ikastetxeetara etorrita, haurrek ez dute leku faltarik izango, eta adierazi dute prest eta gogotsu daudela ikasle berriei harrera egiteko. Beraz, aukera zabala eskaintzen dute bailarako ikastetxeek, hala nola, Astigarragako Herri Eskolak;  Hernaniko Elizatxok, Langilek, Urumeak, Aratzek eta BHI Institutuak; eta Ereñotzuko Txirrita ikastolak. Goizuetarrek eta aranoarrek, aldiz, aurrerago izanen dute Xalto eskolan aurrematrikulatzeko aukera, Nafarroako Gobernuak ofizialki egutegia iragartzean.

 
Aurrematrikulatzeko zenbait modu

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek etzi hasiko dute aurrematrikulazio kanpaina, eta informazio guztia dago eskuragai Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko webgunean: https://www.euskadi.eus/onarpena-haur-lehen-eta-derrigorrezko-bigarren-hezkuntza/web01-a2hikast/eu. Nahi duenak bertan aurkitu ditzake jarraitu beharreko pauso guztiak, eta aurkeztu behar dituen dokumentazioari buruzko xehetasunak, besteak beste. 

Aurrematrikula egiteko bi modu daude: horietako bat da aurrematrikulatu nahi den ikastetxera bertaratzea, hau da, aurrez aurrekoa. Eta ondorengoak dira hitzordua eskatzeko bailarako ikastetxeetako harremanetarako kontaktuak: Aratz ikastola, 94 3 55 02 33 edota zuzendaritza@aratzikastola.eus; Elizatxo ikastola, 943 89 91 95 eta 629 393 238 edota elizatxo@elizatxo.eus; Langile ikastola, 943 89 91 85 edota laubidieta@langile.eus; Urumea ikastola, 943 55 04 72 edota urumeazuzendaritza@urumealhi.org; Hernani BHI Institutua 943 89 95 11 eta 943 89 95 10 edota santabarbara@hernanibhi.eus; Ereñotzuko Txirrita ikastola 943 89 91 48 edota 012086aa@hezkuntza.net; eta Astigarragako Herri Eskola 943 55 12 62 edota 013521aa@hezkuntza.net. 

Aurrematrikulazioa egiteko beste modua internet bidezkoa da. Eskaera online egitea hautatzen dutenek (https://www.euskadi.eus/onarpena-haur-lehen-eta-derrigorrezko-bigarren-hezkuntza/web01-a2hikast/eu), eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea otsailaren 13tik 24ra izango dute. Aldiz, aurrez aurre aurkeztu nahi dutenek, aukeratutako ikastetxeko idazkaritzan utzi beharko dute, ikastetxeak zehaztutako ordutegian.

Horrez gain, eskatzaileek aurkeztu behar duten eskaera orrian adierazi beharko dute, zein den hautatutako eskolen hurrenkera. Eskaera bakarra aurkezten bada ere, 12 ikastetxeetan izena emateko aukera dago; eta pausu hau jarraituz gero, ikasleari ikastetxe  bat esleituko zaio, ezarritako lehentasunaren arabera. 

Pausu guztiak eman ostean, Hezkuntza Sailak, martxoaren 14an argitaratuko du zerrenda, eta behin-behinekoa martxoaren 28an argitaratuko du, eta apirilaren 4era arte egongo da ikusgai. Guzti hauek ikusgai egongo dira eskaera egindako ikastetxe bakoitzean, eta Familiei egokitutako gunean: http://ikasgunea.euskadi.eus/eu/inicio. 

Zerrendak argitaratzean, erreklamazioren bat jarri nahi izanez gero, apirilaren 4era arte egongo da horretarako tartea, eta eskabidean atzera egin nahi dutenek ere apirilaren 4era arte izango dute aukera. Behin betiko zerrendak bi aste beranduago argitaratuko dira, apirilaren 20an hain zuzen ere, eta hauek ikusgai egongo dira maiatzaren 22ra arte. Azkenik, lurralde-ordezkariek esleitutako plazen zerrendak 2023ko apirilaren 27an argitaratuko dituzte. Horrekin batera, ikasleren batek hautatutako ikastetxeetan sartzeko zortea izan ez badu, irailaren 15era arte edukiko du ikasle izateko aukera; itxarote-zerrendaren iraunaldia egun horretara arte baitago zabalik.

 

Aurrematrikulatzeko beharrezko dokumentazioa

Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu beharko dituzte aurrematrikulazioa egiten dutenek, eta dokumentazio hau nahitaezkoa dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Dokumentuak, aurrematrikulazioaren epeetan aurkeztu beharko dira, hau da, otsailaren 13tik 24ra bitartean; online aurkeztu daitezke, edota aurrez aurre. Nahitaez aurkeztu beharreko dokumenturik entregatzen ez bada, edo aurrerago entregatzen saiatuz gero, ez zaio eskaera onartuko eta eskaera osatu gabe gelditzeko arriskua dago. 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko webgunean daude zerrendatuta zeintzuk diren aurkeztu beharreko dokumentuak, baina, besteak beste, ondorengoak dira: familia-liburuan ikaslea azaltzen den orriaren fotokopia edo beste egiaztagiri ofiziala; familia-liburuan aita/ama azaltzen den orriaren fotokopia edo lege-tutorea izatearen ziurtagiria; familia banandua edo dibortziatua izatekotan, berezko protokoloa bete izanaren agiria: ezkonkide ohiaren baimen-idazkia, ebazpen judiziala edo behin-behineko neurria, eta abar; eta EAEtik kanpo ikasten duten ikasleen kasuan, egindako ikasketen ziurtagiria. 

Hernaniko Aratz Ikastolaren kasuan, Aratz.eusen ikus daitezke entregatu behar diren dokumentu guztiak, eta tartean honakoak daude: familia liburuaren fotokopia; ikaslearen ama/aita edo tutorearen NANaren fotokopia; errolda agiria; familia banandua edo dibortziatuaren kasuan, ezkonkide ohiaren baimen idazkia, ebazpen judiziala edo behin behineko neurria.

 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aukera dago Hernanin, Institutuan eta Aratz Ikastolan.
 

Eskaintza oparoa, ikasleentzat

Etzi emango zaio hasiera matrikulazioari, eta otsailaren 24ra arte egongo da tramiteak egiteko tartea. Aurrematrikulazioa, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, 2 urtetik hasi eta 16 urteraino. Hala ere, dagoeneko matrikulatuta dauden haurrek eta hizkuntza-eredu berean jarraituko dutenek ez dute eskaera aurkeztu beharrik. Izan ere, ikasle horien jarraipena bermatuta egongo da: «baldin eta ikastetxe horretan hurrengo maila eskaintzen bada». Era berean, ikasle bat dagoeneko ikastetxe bateko urtebeteko gelan badago, ikastetxe berean bi urteko mailarako eskaera aurkeztu beharko du; onarpen prozesuan parte hartu behar baitu, eta egokitutako eskaera aurkeztu.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiteko aukerarik ez dagoen ikastetxe batean, lehen hezkuntzan, seigarren mailan dauden ikasleek ez dute eskaerarik aurkeztu behar.  Aldiz, beste ikastetxe batera badoa, bai. Eta horrez gain, eskaera aurkeztu beharko dute, hizkuntza-eredua aldatu nahi badute edota beste institutu bat aukeratu nahi badute. 

Halaber, atxikitutakoaz bestelako ikastetxe bat eskatzeko, edota Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik, DBHko lehenengo mailara igarotzean eredua aldatzeko onarpen-prozesuan parte har dezake ikasle batek, ikastetxe atxikia izan ala ez, azken kasuan.

Aurrematrikulazio prozesuan, esleipenari dagokionean, ez dago ziurtatuta plaza bat esleituko zaiola eskaera egiten duen orori. Izan ere, plaza bat esleituko da baldin eta ikaslearen eskaeretako batean, gutxienez, plaza gehiago badaude bere puntuazio bera duten eskari kopurua baino. 

Gainera, 2 urteko mailan, plazarik gabe geratzen direnek, aurrematrikulazio epea bukatuta, plaza erabilgarriak dituzten ikastetxeek ikasturtea hasi arte jaso dituzten edo jasotzen ari diren eskaerei erantzun ahal izango diete. Hala ere, gaur egun, haur edo gazte bat ikastetxe batean matrikulatuta ez badago, Lurralde Ordezkaritzak, ofizioz, plaza bat esleituko dio. Eta edozein zalantza izanez gero, edo zerbait kontsultatu nahi izanez gero, jarri harremanetan Gipuzkoako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzarekin, 943 02 28 50 telefono zenbakira deituta.

 
Laguntzak eta bekak, familientzat

Hezkuntza Sailaren webgunean,  ikasle batek jaso ditzakeen beka eta laguntzari buruzko informazioa aurkitu daiteke. Eta irakaskuntza doakoa bada ere, ikastetxeak eskaintzen dituen zenbait zerbitzu edo eskola material ordaindu egin behar dira, hala nola, testu-liburuak eta jangela zerbitzua. Hori horrela, familiei gastu horiek ordaintzen laguntzeko, laguntza ekonomikoa emateko deialdi bat egiten da urtero, eta hauek bekak dira. Laguntzak ematen dira testu liburuetarako, eskola materialerako, eta jantokirako. Azken horren ordainketa egingo da, soilik zerbitzu hori erabiltzen bada, noski. Gainera, beharrezkoa denean, ikastetxeek aldi bereko itzulpen zerbitzua izan dezakete. Beka horien eskaera egiteko deialdia urrian izan ohi da eta informazio eta izapideak ikaslearen ikastetxean bertan egoten dira eskuragarri.  Ikasle etorkinak, aldiz, ikasturtea hasita etortzen badira ikastetxera, geroago eskatu ahal izango dituzte bekak.

 
Nafarroako aurrematrikulazioa, zehaztu gabe

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrematrikulazioa etzi hasten bada ere, Nafarroako Gobernuak oraindik ez du horren berri eman, eta horregatik, goizuetarrek eta aranoarrek ezin dute jakin egutegi zehatza zein izanen den. 

Nafarroako Gobernuak aurrematrikulazioa egiteko egutegia zein den zehaztean, aurkeztu beharreko dokumentazioa ondorengoa da: mota bateko eskabide orria hiru urteko umeentzat; eta beste mota batekoa gainerako umeentzat; familia liburuaren, pasaportearen edo jaiotza-agiriaren kopia; eta azkenik, errodatze-ziurtagiria. Dokumentu hauez gain, baremoko puntuazioak lortzeko, bestelako agiri batzuk ere aurkez daitezke, hala nola, lanpostuaren ziurtagiria, desgaitasunaren ziurtagiria edota txartela; errenta aitorpena; familia ugariaren dokumentazioa... Halaber, desgaitasuna, gaixotasuna edota osasunarekin lotuta beste edozein egoera duten ikasleen kasuan, txosten medikuak aurkezteko gomendioa helarazi ditu Hezkuntza Sailak.

 

Ikastetxeak ezagutzeko, ate irekiak, bailaran 

Ikasturte berrirako zein ikastetxe aukeratu zalantzarik izanez gero, edota ikastetxea ezagutzeko interesa duen orok aukera izango du Urumea bailarako hezkuntza-zentroetako ate irekietara joateko. Astigarragan ostegunean izan zuten Herri Eskola ezagutzeko aukera; eta Hernanin, Langile Ikastolak otsailaren 15etan eta 16an egingo ditu ate irekiak; Urumea ikastolak, aldiz, otsailaren 13an eta 14an. Bertan, metodologiaren eta, ikastetxearen gaineko informazioa jasoko dute bertaratzen direnek, eta Urumea ikastolako ate irekien kasuan, aurrez deitu egin behar da.  Aukera ederra izan daiteke, edozein zalantza argitzeko.

 
Balio erantsia, herrian ikasteak

Eragileek eskolen aurkezpenak eta eskaintzak zeintzuk diren azaltzean, herrian bertan ikasteak daukan garrantzia azpimarratu ohi dute, honek daukan balio erantsiari garrantzia emanez.  Era berean, Hernaniko Uda­lak, kalitatezko irakaskuntzaren aldeko apostua egitea ere badela dio, eta horretarako zenbait arrazoi aipatzen ditu: «euskalduna eta ele­anitza da; parte-hartzailea; he­rrian txertatua; anitza eta integratzailea; herriko eskolen arteko elkarlana bultzatzen due­na; irakasleen formazio etengabeari garrantzia ematen diona; ingurumena zaintzeaz ardura­tzen dena; eta kalitatezko zerbi­tzuak eskaintzen dituena».
Horrez gain, gainera, abantailaz jositako eskaintza dela di­ote: «merkeagoa da; erosoagoa da; se­me-alaben heziketa hurbil-hurbiletik jarraitu dezakezu; ikaste­txearen egunerokotasunean par­te hartze zuzena izango du­zu; seme-alabek herrian bertan lagunarte zabala izateko au­ke­ra dute; herriko jarduerak eta zerbitzuak eskura dituzue; eta he­rriarentzako aberasgarria da».  

 

Astigarragako Herri Eskola da bailaran ikasle gehien dituen ikastola, Lehen Hezkuntzara arte 

Egungo datuei erreparatuta, guztira 2.310 ikasle daude Hernanin eta Ereñotzun, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Astigarragan, berriz, 704 ikasle daude Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. 

 

Astigarragan guztira 704 ikasle daude Haur eta Lehen Hezkuntzan. 
 

Etzi emango zaio hasiera 203-2024 ikasturteko Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako aurrematrikulazioari, Euskal Autonomia Erkidegoan. Beraz, Hernaniko ikastoletan, Ereñotzuko eskola txikian eta  Astigarragako Herri Eskolan aurrematrikula egiteko aukera egongo da 11 egunez, etzitik otsailaren 24ra arte. Nafarroan oraindik ez dute jakinarazi noiz izango diren aurrematrikulazioa egiteko epeak. Joan den urtean inoiz baino beranduago egin ziren eta aurten badirudi bide berdinetik jarraituko dutela. Hala ere, Hernaniko, Ereñotzuko eta Astigarragako ikastoletan etzi hasiko da aurrematrikulazioa garaia, eta herritarrek ez dute toki faltarik izango, bailarako ikastolek beso zabalik hartuko baitituzte haurrak eta gaztetxoak.

Joan den urtean, Astigarragako Herri Eskolan 676 ikasle zeuden, eta aurtengo kopurua nabarmen haunditu da, guztira 704 ikasle izanik. Horrek esan nahi du, 28 ikasle gehiago egon direla 2022-2023 ikasturtean, aurrekoarekin alderatuta. 

Aipagarria da, bigarrenez, Astigarragako eskola dela bailaran ikasle gehiena dituena: 704 ikaslerekin. Aurten ere Langile ikastola gainditu du, 48 ikasle gehiagorekin, hain zuzen ere. 

Astigarragako Herri Eskolan 300 ikasle daude Haur Hezkuntzan, eta 404, berriz, Lehen Hezkuntzan. 2 urteko gelan 78 haur daude; 3 urtekoenean 66 ikasle; 4 urteko gelan, 65; eta bosgarren mailako gela, berriz, 91 ikaslek osatzen dute. Lehen Hezkuntzari dagokionez, lehenengo mailatik seigarrenera bitartean, hurrenez hurren, hauek dira ikasle kopurua: 78, 71, 68, 66, 66, 55.  

Orokorrean datuak onak dira Astigarragan, izan ere, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan pasa den ikasturtean baino ikasle gehiago daude: HHn, 3 ikasle gehiago, eta LHn 25 ikasle gehiago daude. 

 

39 ikasle gehiago, Hernanin

Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen aurrematrikulazioa egiteko toki mordoa dago Hernanin eta Ereñotzun. Izan ere, Hernanin hiru ikastetxe publiko daude, Haur eta Lehen Hezkuntza eskaintzen dutenak: Elizatxo, Langile eta Urumea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiteko, berriz, Hernani BHI Institutuan izena emateko aukera dago. Ikastola kontzertatua ere bada Hernanin, Aratz ikastetxea. Aukera zabala eskaintzen dute bertan, hala nola HH, LH eta DBH. Eta Ereñotzun, Txirrita dago, herriko eskola txikia.

Denera, 2.310 ikasle daude Hernanin, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Joan den ikasturtean baino 39 ikasle gehiago, hain zuzen ere. Banaketa eginez gero, datuak hauexek dira: Aratz ikastolan, HHn 62 ikasle; LHn 103; eta DBHn 98; Elizatxon, HHn 159 eta LHn 254; Urumean HHn 99 ikasle eta LHn 234; Langilen HHn 247 ikasle eta LHn 409n; eta Ereñotzuko Txirrita eskolan, berriz, HHn 24 eta LHn 44 ikasle; eta azkenik, Hernaniko BHI institutuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, lehenengo mailatik laugarrenera, 586 ikasle daude guztira.


Hiru ikasle gehiago, Xalton 

Joan den urtean baino ikasle gehiago dago aurten, Goizuetako Xalto eskolan. Guztira 83 ikasle daude Xalton Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan: 3 urtekoen gelan 6 ikasle dira; 5 ikasle, berriz, 4 urtekoenean; 5 urteko gelan 7 ikasle daude; LH1en 11; LH2n 10; LH3n 5 ikasle; LH 4an 10; LH 5ean 7; LH6an 7; DBHko aurreneko mailan 9 ikasle dauden eta sei ikasle, aldiz, bigarrenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!