Garaipen ona Hernaniko neskek eta berdinketa mutilek, Ohorezko Mailan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 00:00

Nagusi izan zen Hernani Zubipen, Beti Gazteren kontra.

Neska berdeek 2-0 menderatu zuten Beti Gazte, eta mutilek 1-1 berdindu Lagun Onaken zelaian.

Martxa ederra hartuta dabil Hernaniko nesken talde nagusia, Ohorezko Erregional Mailan; eta aldiz, garaipenak kateatu ezinda mutilen taldea, lidertzari eutsi arren. Neska berdeek 2-0 menderatu zuten Beti Gazte, Cesiaren eta Lorearen golekin, larunbat arratsaldean Zubipen; eta horrekin, laugarren garaipena lortu dute segidan. Hori horrela, hirugarren postuan daude sailkapenean, 46 punturekin; eta lidertzara gerturatu dira gainera, denboraldiko aurreneko porrota jaso baitzuen Realak Zumaian (1-0). 51 punturekin daude txuri-urdinak, eta 48 punturekin Mariño, bigarren.

Hernaniko mutilek, berriz, 1-1 berdindu zuten Lagun Onaken zelaian. Lider jarraitzen dute, 40 punturekin; baina garaipen bakarra lortu dute azkeneko lau partiduetan, eta gerturatu egin zaizkie Añorga (37), Eibar (36) eta Elgoibar (35).

Mundarrok ezin, liderraren kontra

Mutilen Erregional Preferentean, berriz, ez zuen aukerarik izan Mundarrok, Zarkumendegin, Real Union liderraren kontra (0-3). Ondo ekin zioten astigartarrek, eta baita gol aukera garbi bat izan ere; baina irundarrek hartu zuten aurrea, 20garren minutuan. Kolpeari buelta eman, eta joko ona berreskuratu zuen Mundarrok, baina zutoina jo zuen, beste gol aukera garbi batean.

Atsedenalditik bueltan, baloiaren jabetza izan zuten astigartarrek berriro, baina okertu egin zitzaien partidua: berdinketa gertuen izan zutenean, bigarren gola lortu zuen Real Unionek, eta hortik gutxira hirugarrena. Ez zuten amore eman moreek partiduaren bukaerara arte, baina kolpe haundiegia izan ziren bi golak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!