Jon Jarak Abadiñoko trinkete txapelketa irabazi du Bikandirekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 00:00

Bikandi bizkaitarra eta Jara, txapelekin Abadiñon.

40-21 irabazi zuten San Blas txapelketa, Arroitajauregi eta Cimadevilla bikote bizkaitarraren kontra.

Jon Jarak Abadiñoko Trinkete txapelketa irabazi zuen asteburuan. 22 urtez azpiko pelotariak, Bikandirekin, Abadiñoko Tornosolo trinketean jokatu zen txapelketa pribatuaren finalean, 40-21, nagusitzea lortu zuten,  Arroitajauregi eta Cimadevillaren (Bizkaia) aurka. Jarak eta Bikandik oso ondo jokatu zuten eta gehiago izan ziren partidu hasieratik.

C.D. Hernaniko pelotariek denboraldi honetan irabazten duten bosgarren txapela da eta orokorrean, jardunaldi ona izan zen asteburukoa. 16 garaipen eta 11 porrot izan ziren txapelketa ezberdinetan.

Gipuzkoako Errendimenduko Txapelketan, Hernandez eta Azpeitia II alebinek; Udaberri Torneoan Pascual eta Zabala kadeteek; eta Gipuzkoako trinkete Txapelketan Unax Manterola jubenilek eta Iñigo Labaka seniorrek, lortutako garaipenak ere garrantzitsuak dira. Denak partidurik galdu gabe jarraitzen dute.

Jardunaldiko emaitzarik txarrena, 22 urtez azpikoetan, Apaolaza eta Etxarriren porrota izan zen. Euskal Ligan, 22-19 galdu zuten Amiano eta Albenizen aurka (Tolosa). Finalerdietarako sailkatzeko ia aukerarik gabe geratu dira. Galdos - A.Barrenetxea alebinek Gipuzkoako Errendimendu Txapelketan eta Urkizu-Ortiz de Urbina eta Salaberria-Labaka seniorrek Udaberri Torneoan galdu arren, azken fasean sartzeko aukerekin jarraitzen dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!