Mundarroko mutilek, garaipen haundia

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 00:00

Astigartarrek 61-36 irabazi zioten Take indartsuari, mailari eusteko postuetara gerturatzeko.

Asteburu gozoa izan da joan dena, Mundarroko mutilen talde nagusiarentzat. Oso garaipen garrantzitsua lortu zuen etxean, larunbat arratsaldean, Take indartsuaren kontra. Tolosarrak aurreneko postuen lehian daude, baina maila bikainean aritu ziren astigartarrak, eta 61-36 nagusitu ziren.

Laugarren garaipena lortu du Mundarrok horrela, eta mailari eusteko postuetara gerturatu da. Izan ere, ligako azkeneko postuan daude astigartarrak oraindik, baina garaipen bat gehiagorekin daude Getaria, Loyola 21 Hoops eta Añorga, liga bukatzeko bederatzi partidu falta zaizkienean.

Oso berdindua izan zen partiduaren aurreneko zatia, larunbatean. Mundarrok 14-12 hartu zuen aurrea lehenengo laurdenean, eta puntu bakarreko aldearekin iritsi zen atsedenaldira (26-25). Hortik aurrera, ordea, geldiezin aritu ziren astigartarrak. Erasoan eta defentsan bikain moldatu ziren hirugarren laurdenean, eta 20-7ko partzialarekin, ia erabakita utzi zuten partidua (46-32). Abantailari eusteko ahaleginetik urrun, beste erakustaldi bat eskaini zuten azkeneko laurdenean ere, 15-4ko partzialarekin, eta sekulako aldearekin lortu zuten garaipena.

Astigartarren aldetik, Arrizabalaga izan zen saskiratzaile onena, 16 punturekin; eta 12na puntu lortu zituzten Goyak eta Izagirrek.

Mundarroko neska nagusien partidua, berriz, atzeratu egin zuten. Otsailaren 26ko asteburuan jokatuko dute Casa de La Riojaren kontrakoa, Astigarragako kiroldegian.

Eta Hernaniko mutilen talde nagusiak, bere aldetik, atseden hartu du asteburu honetan, denboraldiko bigarren faseari ekin aurretik. Permanentzia izango dute jokoan, igande honetan Zarautzen hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!