Ander Arandiak ezin, final laurdenetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 00:00

Gipuzkoakoan, txapelketatik kanpo geratu da hernaniarra, banaka zazpi barruan, Orion 25-20 galduta.

Bukatu da Ander Arandia hernaniarraren ibilbidea, Gipuzkoako Txapelketan, banaka zazpi barruan. Final laurdenetako partidua jokatu zuen larunbatean Orion, Ospeleko Lizasoren kontra; eta 25-20 galdu zuen, partidu oso lehiatuan.

Udaberri Txapelketan, bestalde, garaipen erosoa lortu zuten Beñat Zubiarrain astigartarrak eta Alain Agirre hernaniarrak, mutil nagusietan, laugarren jardunaldiko partiduan: 25-4 menderatu zituzten Errepalako Etxabe eta Rekondo, Txomiñenen. Mikel Manterola eta Iker Zurutuza hernaniarrek, aldiz, galdu egin zuten Hernaniko frontoian, Beitia eta Juaristi azkoitiarren kontra (18-25). Galdu egin zuten Hernaniko neska jubenilek ere, Iribarrek eta Olveirak, Intxurreko Goitiaren eta Uzkudunen kontra (12-30).

Asteburu honetan atseden hartu dute neska nagusien bi taldeek: Mundarroko Maialen Elduak eta Marina Del Riok, eta Hernaniko Ekine Balerdik, Joana Tolaretxipik eta Ainhoa Urienek. Atseden hartu du, era berean, mutil nagusien Mundarroko beste taldeak, Luluagak, Goizuetak eta Larramendik osatzen dutena.

 

Maciciorrek, Kerejetak eta Irazustabarrenak irabazi, Euskal Herriko Irekian

Gainera, Euskal Herriko Irekia txapelketa hasi dute asteburu honetan, eta ondo ekin diote hernaniarrek. Enara Maciciorrek eta Ane Kerejetak, esaterako, Gipuzkoako Txapelketako finalaren arantza atera zuten: 19-30 menderatu zuten Ataungo bikotea Ikaztegietan, final hartan nagusitu zitzaiena.

Amaia Irazustabarrenak, bere aldetik, 30-28 irabazi zuen Orozkon, Leire Galdosekin batera, elite mailako partidua. Zulaika eta Mendizabal hartu zituzten mendean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!