Joxe Mari Etxebeste eta Mikel Arroio nagusi, Bikotekako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 00:00

Joxe Mari Etxebeste eta Mikel Arroio, Bikotekakoaren txapelekin.

Urumea bailarara ekarri zituzten gizonezkoen txapelak, finalean biek tiraldi bikainak eginda.

Ederra egin zuten Joxe Mari Etxebeste astigartarrak eta Mikel Arroio hernaniarrak, larunbatean, Zerainen: tiraldi bikainak osatu zituzten Bikotekako Txapelketaren finalean, gizonezkoetan, eta txapelak jantzita egin zuten etxera buelta. Emakumezkoetan, Amasa-Villabonako Aitziber Ugalde eta Bea Unzue nagusitu ziren.

Oso lehiatua izan zen finalaurrekoa, gizonezkoetan. Bolari bakoitzak sei tiraldi eginda, birla gutxiko tartearekin izan ziren bikoteak, eta honakoak izan ziren finalera sailkatu ziren lauak: Egoitz Berasategi eta Jokin Izagirre (67), Unai Lasa eta Joxean Lasa (67), Mikel Arroio eta Joxe Mari Etxebeste (65), eta Pedro Agirre eta Jon Orikain (65). Zortzigarren izan ziren Igor Miner eta Ibon Miner ereñotzuarrak (60), bederatzigarren Leandro Miner eta Iñaki Miner ereñotzuarrak (58), eta hamargarren Rosa Santos astigartarra eta Fernando Gallego hernaniarra (52).

Emakumezkoetan nabarmenagoak izan ziren aldeak, eta finalera sailkatu ziren Ugalde eta Unzue (58), eta Miren Makatzaga eta Garbiñe Alustiza (53).

Finalera sailkatu, eta tiraldi erabakigarrietan eman zuten maila onena Etxebestek eta Arroiok. Zortzi bola bota zituen bakoitzak, eta 95 birla bota zituzten bien artean. Horrela, nabarmen nagusitu ziren, Berasategiren eta Izagirreren aurretik (89). Agirre eta Orikain izan ziren hirugarren (79), eta Lasatarrak laugarren (74).

Emakumezkoetan, berriz, 80 birla botata irabazi zuten Ugaldek eta Unzuek, eta 71 bota zituzten Makatzagak eta Alustizak.

 

Lehendakari Txapelketa, datorren igandean hasita

Orain, Lehendakari Txapelketa hasiko dute bolariek, eta datorren igandean izango da aurreneko tiraldia, Idiazabalen. Lau tiraldi izango ditu txapelketak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!