Liburu aurkezpen sorta ederra asteotan, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

Urtzi Leonet idazle astigartarra, 'Itzalen dama eta Patxi Bakallu' liburuaren aurkezpenean.

Hiru liburu aurkezpen izan dira azken egunetan, eta beste hiru daude aurreikusita datozen asteetarako.

Olatua hartuta dabil literatura, Urumea bailaran, azkenaldian. Izan ere, liburu aurkezpen sorta ederra antolatu dute asteotan, Hernanin eta Astigarragan. Dagoeneko egin dituzte horietatik hiru. Hernanin, Kulturarteko Plaza Feministan aurkeztu zuen Petare liburua Leire Ibargurenek, urtarrilaren 26an. Eta egun berean, Astigarragan, Erribera kulturgunean izan zen Amets Castrejana hernaniarra, bere ikerlanaren emaitza den liburuarekin: Astigarragako emakumeen historia hurbila, gorputz-praktiken bidez azaldua (XX.-XXI. mendeak). Erriberan bertan, herenegun aurkeztu zuen bere aurreneko nobela Urtzi Leonet astigartarrak: Itzalen Dama eta Patxi Bakallu 1: Herri margotua.

Hori gutxi balitz, beste hiru libururen aurkezpenak daude aurreikusita dagoeneko, Hernanin. Batetik, El sueño de la lechuza liburuaren berri emango du Luis Azorín idazle hernaniarrak, datorren ostiralean, 18:00etan Goiz Eguzkin. Eta bestetik, bi liburu aurkeztuko dituzte martxoan, Plaza Feministan: Quijote en el Congo eta Manual ecofeminista con­tra el poder corporativo.

Adin guztietako emakume ugari bertaratu ziren, Leire Ibargurenen 'Petare' liburuaren aurkezpenera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!