Tasio Semperena astigartarra, Gipuzkoako txapeldun hiru probatan: keirina, eliminazioa eta puntuazioa

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

Tasio Semperena, Gipuzkoako Txapelketetan, atzean bi taldekide dituela. Argazkia: Ziklix Photo

Astigartarrak erakustaldia eman zuen pistako junior mailako txapelketetan, beste behin. Bost probatatik, hirutan lortu zuen garaipena. Errepidean, bestalde, profesional mailan debuta egin du Enekoitz Azparrenek, Saudi Tourren, eta maila bikainean aritu da Xabier Mikel anaia.

Gipuzkoako pistako denboraldi osoan izan da protagonista Tasio Semperena astigartarra, makina bat erakustaldi eskainita. Eta errematea jarri zion aurreko igandean, Gipuzkoako Txapelketen bakarkako probetan. Bost proba lehiatu zituen astigartarrak, junior mailan; eta hirutan lortu zuen garaipena: keirinean, eliminazioan eta puntuazioan.

Beñat Ilzarbe taldekidea men­deratu zuen eliminazio probako azken esprintean; Vlad Raresi eta Ilzarberi berari hartu zien aurrea keirinean; eta egun haundia borobiltzeko, erakustaldia eman zuen puntuazioan: bi aldiz lortu zuen itzuli bateko abantaila tropelarekin, eta 10 esprinteta­tik bederatzitan pilatu zituen pun­tu­ak. Horrela, 73 punturekin bu­katu zu­en proba, Eneko Ortega­ren (64 puntu) eta Auritz Mendiaren (33 puntu) aurretik.

Kadeteetan, bestalde, bailarako hiru txirrindularik hartu zuten parte. Bost proba lehiatu zituzten Danel Txapartegi eta Unai Hernandez astigartarrek ere. Txapartegi seigarren izan zen danesa eta keirin probetan. Hernandezek, berriz, keirinean lortu zuen posturik onena, bederatzigarren. Unax Otegi hernaniarrak, bere aldetik, hiru proba lehiatu zituen, eta zazpigarren izan zen eliminazioan.
 

Azparren anaiek, denboraldi hasiera Saudi Arabian

Errepideko txirrindularitzari da­­gokionez, hasi dute denboral­dia Enekoitz eta Xabier Mikel Az­pa­rren anaiek. Elkarrekin lehi­atu dute aurreneko lasterketa, aste honetan: Saudi Tour lasterketan egin du debuta profesionaletan Enekoitzek, anaia alboan zuela, Saudi Arabian.

Maila bikainean aritu da Xabier Mikel Azparren, gainera. Bost etapako itzulian, astigartarra onenekin batera ibili da egunero, bereziki laugarren etapan: igoera gogorra zuten azkeneko kilometroetan, eta bigarren taldetxoan sartu zen Azparren, zortzigarren. Horrela, bederatzigarren postua lortu du sailkapen nagusian, eta Enekoitz anaiaren laguntza ere izan du horretarako: azkeneko etapan, atzo, Xabier Mikelek gurpila zulatu zuen helmugatik 27 kilometrora, eta Enekoitzek utzi zion bere bizikleta berehala, sailkapen nagusiko aurreneko 10en artean zeukan postuari eusteko. Gainera, hirugarren izan da gazteen sailkapenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!